GARA Euskal Herriko egunkaria

Belaunaldi baten historia, bertsotan

Belaunaldi baten bizipenak bildu ditu Gerardo Mungia «Pintxe»-k «Jonki baten trageria»-n. Politikaz, errepresioaz, langile borrokez eta, batez ere, drogan galdutako gazteez dihardu, pastoralak oroitarazten dituen bertso formatuan.


Pastoralak eta bertsoak ditu maite Gerardo Mungia Pintxek, eta, bere bizipenak orrialde zurira eramateko hautua egin zuenean, bertsotan ematera deliberatu zen. Hala sortu da “Harat-honat. Jonki baten trajeria” (Txalaparta), 60-80ko hamarkadetako kronika bizia bertsotan ematen duen argitalpena.

«Autobiografikoa da guztiz. Bi lagunen oroimenak biltzen ditu eta horietako bat ni nintzateke», azaldu du Pintxek. Kontakizunaren hastapena frankismo garaiko eskolan finkatu du iruindarrak, eta gero etorri ziren mendizaletasuna, lan munduan sartzeaz bat ezagutu zituen langile borrokak, «errepresioa, antifaxismoa, atxiloketak, kartzelaldiak, oinazeak eta torturak» harilkatuz 80ko hamarkadara arteko kronika pertsonala osatu eta drogak Euskal Herrira iritsi zireneko garaiari heldu dio: «Franco desagertu eta berehala sartu ziren droga berriak. Ezagutzen genituen ardoa, haxixa, marihuana... baina sartu ziren heroina, kokaina eta LSD, eta eraman gintuzten haiek probatzera. Bakoitzak bere xenda egin zuen eta jende bat erori zen, jitea bera desagertu zitzaien, harremanak deuseztu... Eta xenda horretan jarraituz gero, herioa dator azkenean».

Drogen sartzea Europa osoan gertatu zela ekarri du gogora Pintxek eta, diktadura batetik atera eta gizartean informazio falta bazela onartuta ere, «nork bere hautua» egin zuela dio: «Zenbait jende erori egin zen drogatan, baina inor ez zen bortxaz sartu... Rock-and-roll eta punk mugimenduetatik ere, ‘bizi laster eta hil gazte’ gisako mezuak iristen zitzaizkigun, denak izan zuen eragina». Garaiko musika giroa ere gertutik ezagututakoa da Pintxe. La Polla, Kortatu eta Cicatriz talde mitikoen manager izana da, baina musika giroa islatzeko erreferentzia gisa soilik erabili du, «ez bainuen istorio horrek nagusitasuna hartzerik nahi».

Bertsotan emana

Pintxek oroitzapen edo kontakizun horiek orrialdeetara eramateko erabili duen ezohiko formulak erakartzen du irakurlearen arreta. Lehen begiratuan, pastorala datorkizu burura, baina Pintxek argi dio berak ez duela halakorik egin: «Batetik, ez nintzatekeelako gai izango eta, bestetik, pastoralek bestelako egitura bat dutelako. Arizalerik ez dago adibidez, soilik bi adiskideren arteko kontakizuna da. Pastoral eta bertso zalea naiz ni, eta hitzez edo idatziz baino errazago zait bertsotan kontatzea. Horregatik hartu nuen erabakia», azaldu du. Hala, neurri ezberdinetako bertsoak osatu eta atal edo jelkaldi ezberdinetan sailkatu ditu. Atal horietako bakoitzari «aire» edo ukitu pertsonala ere eman nahi izan dio Pintxek eta, hala, jelkaldi bakoitzari bere historia pertsonalean garrantzia duen doinu bat lotu dio. «Lehena, adibidez, haurtzaroko oroitzapenak dakartzana, Amuriza eta Duhalderen ‘Agur sagar beltzaran’ da; ni horrekin bertsozaletu nintzen», aitortu du.

Hizkuntza aldetik, euskara batua badarabil ere, «Hondarribitik Zuberoara bitarteko lexikoa» da nagusi, «ni euskaldun berria bainaiz eta han ikasi nuen euskara». Azkenik, liburua Pintxek lagun dituen hainbat komikilariren ilustrazioek ere ontzen dute: «Uste dut oso ondo islatu dutela historia, eurek ere ezagutu zuten garaia delako». Denarekin, belaunaldi baten kronika bizia formatu berezian eskaintzen du Pintxek.