18 MAR. 2016 Europako Geoparkeen Sareko kideak Euskal Herrian bildu dira egunotan 2015eko azaroan Euskal Kostaldeak Unescoren Munduko Geoparkeen Programaren izendapena jaso zuen. Hala, egunotan Europako Geoparkeen 37. koordinazio batzarra hartzea egokitu zaio. Unescoko eta geoparkeetako ordezkariak Euskal Herria ezagutzen ari dira. GARA Deba Europako Geoparkeen Sarea osatzen duten 69 geoparkeetako ordezkariak Zumaia, Deba eta Mutrikuk osatzen duten Euskal Kostaldeko Geoparkean bildutadaude. Geoparkeen Europako Sarearen 37. Koordinazio Batzarra prestatzea egokitu zaio oraingoan euskal ordezkariari. Bilera hau bereziki garrantzitsua da, Unesco-ren izendapena jaso ondoren antolatzen den lehenengo batzarra delako. Izan ere, 2015eko azaroan Parisen egin zen bileran Unescok erabaki zuen Euskal Kostaldeari Munduko Geoparkeen Programaren izendapena ematea. Asteazkenean hasi zen eta bihar amaituko den batzarraren helburua esperientziak partekatzea eta jarduera bateratuen koordinazioaz eztabaidatzea da. Hori dela eta, geoparkeetako ordezkariez gain, Unescoko, Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasuneko eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasuneko ordezkariak etorri dira gurera, 140 pertsona guztira. Batzarrari atzo eman zioten hasiera ofiziala, Debako Itziarreko Salegi jatetxean. Bilkura orokor baten ostean, arratsaldean Pasai San Pedroko Albaola Itsas Kultur Faktoria bisitatu zuten. Ondoren, Eneko Goia Donostiako alkateak harrera egin zien udaletxean. Era horretan, adituen bisita Europako Kultur Hiriburutzarekin lotu nahi izan zuten. Geoparkeko interesgune geologiko eta kultural nagusiak larunbatean bertan ezagutuko dituzte bertara egingo duten bisitari esker. Era berean, kontserbazio jarduerak gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Amaitzeko, Mutrikuko Muruaitz frontoian zesta-punta erakustaldi batez gozatu ahal izango dute, euskal kulturaz eta tradizioez busti daitezen. Zumaiatik Debara Europako Geoparkeen Sarea 2000. urtean sortu zen ondare geologikoaren kontserbazioa, herritarren artean Lurraren zientzien ezagutza eta geoturismoaren bidez tokiko garapen jasangarrirako ekimenak sustatzeko asmoz. Ordutik, sareko kide diren geoparkeen kopuruak gora egin du eta egun 69 geoparke daude Europan. Euskal Kostaldeko geoparkeari dagokionez, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgunea babesten du, batez ere flyscha, zeinak garrantzi geologiko handia duen. Bertan ondo ikusten da Paleozeno-Eozeno aroen arteko muga; Paleozeno garaiaren zabalera osoa ondoen ikusten den munduko lekua izendatu zuen Nazioarteko Estratigrafia Batzordeak.