19 MAR. 2016 Mahukak jaso eta irudimenetik sormenera igarotzeko liburutegia Tabakalerak badu liburutegia: Ubik. Liburutegia da, baina ez da ohiko liburutegia. Liburuak ditu apaletan, baina espazioak hartzen duen eremu zabalean musika instrumentuak, bideo ekoizpenerako gunea, zinema esperimentala proiektatzeko aretoa, bideo-jokoak sortzeko eremua... eduki berriak ekoizteko baliabideak ere eskaintzen ditu. Kultura eta arte garaikidean berezitutako eta, aldi berean, hiritar orori egokitzeko gaitasuna duen sormen fabrika da Ubik. Amalur ARTOLA DONOSTIA Tabakalerako bigarren solairuan dago Ubik. Kultura eta arte garaikidearen nazioarteko zentroko “sorkuntza liburutegia” izango zela iragarri zuten, eta atea zeharkatu orduko ohartzen da bisitaria ez dela ohiko liburutegia. Aurrean, itxura batean sakabanatuta, liburu eta DVDz betetako apalategiak, mahaiak, ordenagailuak... ohiko liburutegi batean ezagunak diren elementuak daude eta, haien artean, espazio ireki berbera partekatzen, telebistako platoaren itxura duen gune bat, robotika tailer batetik atereak diruditen lan-mahaiak, musika instrumentuak, sofa eta telebistak... «Ubik zer den? Bakoitzak izatea nahi duena, hori izango da. Zer erabili nahi duen, noraino iritsi nahi duen... horren araberakoa», defendatu zuen atzoko aurkezpenean sorkuntza liburutegiaren arduradun Arantza Mariskalek. Prentsaurrekoan agintari instituzionalek –bertan ziren Donostiako alkate Eneko Goia, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Lakuako kultura sailburuorde Joxean Muñoz– liburutegiaren onurak zerrendatu eta Tabakalerako kultur proiektuaren zutoin nagusietako bat izango dela zehazteaz batera, Ubiken bokazio publikoa, sortzaile eta hiritarrak konektatzeko izango duen gaitasuna eta Euskal Herriari egingo dion ekarpena nabarmendu zituzten. Zentzu horretan, Rodriguezek Ubikeko kultura garaikideko «bilduma zabalari» egin zion erreferentzia: «Lurraldeko garrantzitsuena izango da, eta estatuko inportanteena dela esatera ausartuko nintzateke». Orotara, 20.000 erreferentzia inguru –15.000 liburuak dira eta gainerakoak bestelako materiala– daude egun Ubikeko apalategietan (Artelekuko material asko katalogatzeke dutela zehaztu zuten). Horiek kolore ezberdinek markatzen dituzten zazpi gunetan daude banatuta, edukiaren –eta ez formatuaren– arabera sailkatuta: pentsamendua, ikus-entzunezko arteak, arte biziak (dantza, antzerkia...), arte plastikoak, kultura digitala, espazioak eta kultur azpiegiturak. Hala, adibidez, bisitariak zientzia fikziozko eleberriak edota bideo-jokoak, biak topa ditzake kultura digitalaren atalean. Gauza bera gertatzen da haurrei zuzendutako materialarekin: espazio osoan sakabanatuta ikus daitezke haurrei egokitutako altzariak eta materiala. Doako formakuntza Ideia, liburutegira hurreratzen diren hiritarrek euren intereseko diren jakintzak bereganatu eta ikasitakoa praktikara eramatea da, baita ekintza hori sorkuntza prozesuren batean murgilduta dauden artistek partekatzen duten espazio berean egitea ere. Horretarako, formakuntzara bideratutako ikastaroak emango dira, eta gunean bertan azpiegituren eta erabiltzailearen arteko bitartekaritza lana egingo duten pertsonak ere egongo dira. «Adibidez, laster Scratch-ekin bideo-jokoak egiten ikasteko tailerra egingo dugu, gero horiek gure katalogora igoko ditugu eta maiatzean jendaurrean aurkezteko aukera izango dute. Edota bere seme-alaben bideoekin zerbait berezia egin nahi duenak, editatzen jakin ez arren, edizio gunean ordua hartu eta bitartekari baten laguntza izango du, pausoz pauso nahi duen hori sor dezan. Hortik aurrera, bakoitzaren irudimenaren arabera sortuko dira edukiak eta Ubik ere etengabeko eraldaketa horrek definituko du, beharren edo eskarien arabera egokitu egingo delako». Zerbitzuei dagokienez, Tabakalerako zinema esperimentaleko bilduma ikusteko “Pantaila esperimentala” aretoa –hau da guneko espazio itxi bakarra– dago, eta autoedizioa, soinua, bideo-jokoak, irudia.... eta abar lantzeko guneak daude, tartean telebista plato txiki bat eta musika instrumentuak. Bertan sortutakoa grabatu eta eramateko modua ere egongo da. Zenbait zerbitzu erabiltzeko eta edukiak maileguan hartzeko Tabakalerako karneta atera beharko da –astelehenetik aurrera hasiko dira egiten–. ZERBITZUAK Autoedizioa, bideo-jokoak, irudia, elektronika, soinua... eduki ezberdinak sortu eta grabatzeko aukera egongo da. Tabakaleraren zinema esperimentaleko bilduma han bertan ikusteko zinema-areto txiki bat ere badago.