21 MAR. 2016 Errefusatuak Jon GARMENDIA Idazlea Gure bizitzari behakoa ematean, atzokoa bezalako egunak zergatik ez ditugun ahantzi galdegingo diogu buruari. Non ote geunden, edo nor ote ginen isiltzeko, nor zerbait errateko, baina batez ere nor ote ginen halakorik permititzeko. Errefuxiatuak errefusatuak bilakatu genituelako atzo, baztertuak, ukatuak, bizitzaren ezinbizira kondenatuak. Eta iritsiko da egun bat galdegingo didazuna zergatik sartu zintudan zaku honetan, zuk, beste igande askotan bezala, astelehenari nondik heldu behar zenion pentsatu zenuen norbanako amultsuak, nehori kalterik egiteko asmorik nehoiz izan ez duzun horrek. Baina izenik oroitzen ez dudan lehen ministro turkiarrak gure gobernuburuekin bilduta Genevako akordioak hautsi, eta gizakiak merkatuko haragi zati bilakatu zituenetik, gutako bakoitza erabaki horren arduradun bilakatu dela baino ez dut pentsatzen. Amesgaizto batek gure zerua ilundu zuelako bat-batean, eta mundu berri baten ametsak lurrera jausi zitzaizkigun ilargi eta izar zuria saien hegal artean belzten ikusita, arranoen mokoak putreen pikoaren usteldura baino zabaltzen ez duen bandera gorriaren testigantzarekin, gure erantzun bakarra inpotentzia izango dela jakinda. Agian, bidegabekeria hau bidean jarri duen lehen ministroaren izenik ez dut oroitzen haren ondoan nirea eta zurea idatzi behar ditudan zalantzan dudalako; edo, lur goxoan bizita, lur horretan guztiontzat aski tokirik ez dela ebatzi dutelako guztion izenean, jakinda munduan ez dela lurrik gerrari ihes egindakoari babes bilakatuko zaionik, ez eta gure erantzukizuna estaliko duenik ere.