GARA Euskal Herriko egunkaria

Lan mundua euskaldunduko bada, langileak subjektu direla eginen da LABen ustez

LABen arabera, lan mundua euskalduntzeak erabaki politiko bat izan behar du. Eta langileak izan behar ditu subjektu prozesua diseinatu, adostu eta gauzatzeko. Bide horretan indarra egiten dabil sindikatua.


Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Edurne Larrañaga Euskara idazkariak lana euskalduntzeko egin diren egitasmo eta ekimenak baloratu zituzten atzo prentsaurrekoan. «Urteak dira martxan jarri zirenetik, baina ez dute inondik inora beren helburua lortu», adierazi zuten.

Sindikatu abertzalearen iritziz, «agortu» egin dira. Horren aitzinean, Lakuako Gobernuak, «benetako eztabaida bultzatu beharrean, propagandarekin erantzuteko erabakia» hartu du.

Ez lana, ez hezkuntza

Bere aldetik, LABek orain dela hamabi urte ekin zion LanEus plan estrategikoarekin lantokietan euskalduntze prozesuak sustatzeari: «Hainbat lantokitan planak bultzatu ditugu, ekimenak martxan jarri ditugu hizkuntza eskubideak bortxatzen direla esan eta salaketa horren gainean ekimen positiboak egiteko. Horrez gain, estrategia amankomunetarako prestutasuna erakutsi dugu beti eta iruditzen zaigu Lanhitz planarekin bide txukun bati hasiera eman zitzaiola Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen arte».

Bestalde, kezka azaldu zuen EAEko Hezkuntza Sailak duela gutxi publiko egindako diagnosiak dioelako «gure hezkuntza ereduak ez duela euskalduntzen». Beraz, «euskalduntzen ez dugun eredu bat dugu; bigarren mailako heziketan askotan ezin da euskaraz ikasi eta ondoren erdalduna den eta euskalduntzen ez den lan mundu batean sartu behar izaten dugu. Horrela ezinezkoa da Euskal Herria euskalduntzea», esanez laburbildu zuen egoera Etxaidek.

Nafarroan, Gobernua aldatu bada ere, lanera iristen diren erabakiak «oso antzekoak» direla eta «hutsune berdinekin» jarraitzen dutela esplikatu zuen.

Egoera honetan, hutsuneak gainditu eta aurrera egiteko prest da LAB. Horretarako, bi baldintza nagusi bete behar dira bere ustez. «Lehenik eta behin, lan mundua euskalduntzeko prozesuak ezin du izan bigarren mailakoa eta borondatezkoa; erabaki politikoa izan behar du. Bigarrenik, ezinezkoa da lana euskalduntzea langilerik gabe egiten diren planekin. Langileok subjektu izan behar dugu prozesua diseinatu, estrategia adostu eta aurrera ateratzeko».

Eztabaidatzeko prestutasuna

Zeregin hori «agenda politikoaren erdigunean» kokatu beharra dagoela erantsi zuen Edurne Larrañaga Euskara idazkariak. «Langileon parte-hartzean oinarrituriko eredu demokratikoa behar dugu, hau da, euskalduntze prozesuak arautua, planifikatua, ordenatua eta progresiboa izan behar du», defendatu zuen. Eta euskara «etorkizuneko inbertsio gisa» ulertzeko beharra ere aipatu zuen.

LAB lanketa honetan indarrak jartzen ari da, adibidez, LanEus eguneratuz. Akordio zein elkarlan esparru berriak irekitzeko ahaleginean ere badabil, eta prest dago hizkuntza politiken arduradunekin eztabaidatzeko, konpromisoetan oinarrituta.