24 MAR. 2016 Kontseiluak proposatutako protokoloari ekarpenak egiteko epea zabaldu dute GARA DONOSTIA Kontseiluak sortutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari ekarpenak nola egin azaltzen ibili dira Euskal Herriko hiriburuetan. Aldi berean, sektoreka tailerrak ere martxan jarri dituzte. Momentuz, Hezkuntza eta Kultura arlokoak egin dituzte. Hitzaldiak eta tailerrak «oso interesgarriak» izan dira antolatzaileen arabera, hainbat ekarpen jaso dituztelako. Horiek jasotzeko epea ekainaren amaierara arte zabalik egongo da. Euskal Herritik kanpoko gizarte eragileen iruzkinak ere jaso nahi dituzte. Horregatik harremanetan hasi dira Europako txoko desberdinetako ordezkariekin. Aste honetan bertan Irlandakoekin izan da Kontseilua, eta datozen egunetan Gales, Frisia eta Norvegiara joko dute Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan dagoen protokoloa zertan datzan eta ekarpenak egitea zein garrantzitsua den adierazteko. Era berean, harreman bidaia honen helburuetako bat da haien ekarpenak ere jasotzea. Harrera ona Kontseiluko idazkari nagusia den Paul Bilbaok adierazi zuen protokoloa oso harrera ona izaten ari dela bai Euskal Herriko zein kanpoko gizarte eragileen artean –kasu honetan Irlandan–, eta denak helarazten ari direla espektatiba handiak dituztela aurrerantzean hizkuntza eskubideak errespetatze aldera protokolo honek tresna gisa izan dezakeen eraginaz.