GARA Euskal Herriko egunkaria

Lankidetza bizikletetara


Txirrindularitzan eta Interneten euskararen erabilera indartzeko xedez lankidetza abiatu dute PuntuEus Fundazioak, Euskal Herriko Itzuliak, Emakumeen Birak eta Tropela Elkarteak. Elkarlan horren oinarriak eta gauzatuko dituzten ekimenak aurkeztu zituzten atzo, Donostian, lau elkarteetako kideek. Horien artean nabarmentzekoa da PuntuEus-ek domeinua zabaltzeko jorratuko duen kanpaina, apirilaren 1etik 17ra, 15 euroren truke.

Fundazioko zuzendari Josu Waliñok azaldu zuenez, «Itzulia eta Bira, eta txirrindularitza bera, euskal komunitatea elkartzeko gaitasuna duten ekitaldiak dira; berdin du nondik pasatzen diren, jendearenak dira. Eta gure txirrindulariak tropelean garrantzitsuak dira, munduko onenekin lehiatzen dira, haien nortasuna mantenduta eta munduko zalerik onenen babesarekin. .eus ere hori da: euskara eta euskal kultura Interneten munduko domeinu handien mailan kokatzen du, munduko komunitaterik onenaren babesarekin».

Itzuliaren eta Biraren webgune berriak aurkeztu zituzten agerraldian: www.itzulia.eus eta www.emakumeenbira.eus. Eduki osoa euskaraz ere kontsultatu ahalko da beraietan.