04 JUN. 2016 Entrevista UNAI VILLENA INGENIARIA ETA IDAZLEA «Gaixotasun mentalena gertu egon arren urruneko egiten zaigun errealitatea da» Literaturarekin jolasean urteak badaramatza ere, «Hauts haietatik» da Unai Villenaren (Elgoibar, 1980) lehen eleberria. Igartza literatur sariaren laguntzaz argitaratu duen lana gertuan bizi izan duen errealitate bat kontatzeko beharretik abiatu zuela dio: patologia duala ikusarazteko beharra. Última actualización: 04 JUN. 2016 - 00:08h Amalur ARTOLA DONOSTIA «Kaixo, Arru naiz; yonkia eta eroa». Hala aurkezten du bere burua Ander Arruti Arruk, “Hauts haietatik” (Elkar) eleberrian. Patologia duala pairatzen du –eskizofrenia eta droga mendekotasuna– eta, estigma bikoitzaren pisua bizkar gainean daramala, Oier lagunarekin batera psikiatriko eta desintoxikazio zentroetan pasatutako urteen kontakizuna egiten saiatuko da. Irakurleak puzzleko piezak lotu behar ditu, sentipenak kateatu, hausnarketarako bideak deslotu, bestelako errealitateak, begiratzeaz gainera, ikusi ahal izateko. Lehenengo argitalpena baduzu ere, ez zara berria literaturaren munduan... Berez hasiberria naiz, baina aspalditik idazten dut, bai. Ikastolan hasi nintzen, ipuin lehiaketetan ibili nintzen, Urruzuno hiru urtez jarraian irabazi nuen, Elgoibarren literatur taldea sortu eta aldizkaritxo bat argitaratzen ere hasi ginen, baita literatur astea antolatzen ere... Urte batzuk eman nituen idazten eta, giro horretan ezagututako askok etorkizun profesionala letren mundutik bideratu bazuten ere, nik Ingeniaritza aukeratu nuen. Idazle izatea zerbait urrunekoa eta nire esku ez zegoena bezala ikusten nuen. Zergatik berrekin idazteari? Ez naiz sekula gelditu! Niretzat idatzi izan dut eta 2012an lagata nituen testuak errepasatzeari ekin nion, Bilboko Alondegian Edorta Jimenezek gidatzen zuen sorkuntza tailer batean izena eman nuen eta animatu egin nintzen. Orduan etorri zitzaidan istorio hau kontatzeko beharra. Zein behar da hori? Nire inguruan bada psikiatrikoa eta desintoxikazio zentroak ezagutu dituenik. Horien bidez, beste gehiago ere ezagutu ahal izan ditut; bizitza eteten die zerbaitek eta urteak pasatuta hasten dira berriro bizitzen edo bizitzari aurre egiten. Haiek kontatutakotik eta nik beraiekin bizi izandakotik abiatuta fikzio bat eraiki dut, errealitate hau ezagutzeko beharra dagoela uste dudalako. Puzzle moduan eman duzu errealitate hori; irakurleak pieza desberdinak lotu behar ditu. Normalean hartzaile pasibo gisa jokatzen du irakurleak, eta nik erabakiak har zitzan nahi nuen. Hiru motatako piezak daude: bi pertsonaia nagusien harremana islatzen dutenak, bigarren mailako pertsonen istorioak eta narratzaileak lehen pertsonan idazten dituenak. Hirurak nahastuz pertsonaia nagusiaren, Arruren, bizitzari errepasoa egin nahi nion, baina irakurketa ezberdinak egon zitezela ahalbidetuz. Hitzaurrean irakurketa proposamenak zehaztu ditut. Nik Arruk esateko zituenak irakurri ditut lehendabizi, eta gero gainerako kapituluak. Ez da erraza bizi izan ez direnak lehen pertsonan ematea... Ez, baina nik oso argi neukan nolakoa zen Arru. Antsietatea, izugarrizko poza, depresioa... sentipen horiek denok sentitu ditugu, nahiz eta beharbada gaixo diagnostikatutako batek era intentsoagoan bizi ditzakeen. Egia da pasarte batzuk intentsitate handikoak direla eta, idaztean, zenbaitetan pertsonaiaren azalean sartu eta negar egin dut, baina baita barre ere. Errusiar mendi batean bezala. Bai. Pertsonaia nagusiak patologia duala pairatzen du, droga mendekotasuna eta gaixotasun mentalaren arteko nahastea. Berari eskizofreniak eragiten dio batzuetan galduta egotea, besteetan euforiko egotea, eta puzzle itxurako egitura horrek, denboran atzera eta aurrera eginez deformatzen denak, nolabait hori adierazten du. Horrenbeste flashback, honen eta haren kontakizunak, oroitzapenak… ez zenuen irakurlea galduko ote zen beldurrik? Banekien posible zela, horregatik idazten ari nintzela lagun askok irakurri dute. Kronologia ez dela horren garrantzitsua konturatu nintzen, ulertzen delako zer gertatzen den eta gainera nire helburua zelako nahaste hori transmititzea irakurleari. Nobelan, askotan ondorengoak ematen du aurrekoa ulertzeko giltza. Bizitzan gertatzen den bezala. Gai labainkorra aukeratu duzu. Esperientziez gainera, dokumentatu zara nolabait? Bai, noski. Gaitz mentalen berri gaixoaren ikuspegitik eta lehen pertsonan ematen zuten dokumentuak bilatzen saiatu naiz, baina ez da erraza. Ikuspegi klinikoa da nagusi, oso gutxi esan da gaixoaren ikuspegiaren arabera. Ezagutzen ditudan pertsonekin eta horien lagunekin asko hitz egin dut, dokumentalak ikusi, asko irakurri... Nobela idazteko abiapuntua izan zen horietako batek, psikiatrikotik pasatu eta osatuta zegoela bere bizitza errepasatzeari ekin zionean, psikiatrikoan jasan zuen tratua salatuz Arartekoari idatzi zion eskutitza. Argi gera dadin: nik esaten dudana da gure osasun sistema publikoa ez dagoela prest gaixotasun mentala eta droga mendekotasuna dituen pertsona era eraginkorrean artatzeko. Hori horrela da. Bi arazo horiek dituenak, gure protagonistak bezala, topatzen du bere burua bertatik irten ezinda, droga mendekotasuna zigortzen zaiolako, eta bertan ez zaiolako eskaintzen hori sendatzeko terapia eraginkorrik. Zer gertatu zen eskutitzarekin? Arartekoari eta egunkarietara bidali zuen, baina GARAk bakarrik argitaratu zuen, NAIZ atari digitalean. Arartekotik idatzi zioten esanez testigantza eskertzen zutela, baina hark esaten zuena psikiatrikoko zuzendaritzak esaten zuenarekin ez zetorrela bat, eta ez zegoenez bestelako salaketarik... Nahi gabe ere, burutik gaixorik dagoela dakigun pertsona baten testigantzak aukera gehiago dauzka dudakoa izateko bestela baino. Eskutitzaren hasieran “33 urteko gazte bat naiz, eskizofrenia eta droga mendekotasuna ditut eta urteak daramatzat desintoxikazio zentro eta psikiatrikoetan ingresatzen” irakurtzen baduzu, atzera eragiten dizu. Are gehiago: esango nuke “eskizofrenia” irakurtzearekin ditugun aurreiritzi eta beldur guztiak aktibatzen zaizkigula. Ezezaguna zaigulako? Gaixotasun mentalen kontua iruditzen zait dela gertu egon arren urruneko egiten zaigun zerbait, ze denok daukagu familian edo inguruan gaixorik dagoen edo egon den inor. Eta esaten dizut niri ere gertatu zaidalako, gaixotasun mentalekiko dudan jarrera hasi delako aldatzen gertu-gertuan ezagutu dudanean. Etengabe borrokan aritu izan naiz nire aurreiritziekin, zenbait gauza gaixorik dagoelako egiten edo esaten dituela uste izan dut... Baina gaixoak gaixo dagoela badaki, gaixotasuna behar bezala zaintzen badu eta gainera gaixotzen ari dela identifikatzen badu... Arruren lagun minak ere bi Arruri buruz hitz egiten du: gaixo dagoena eta gaixo dagoela ez dirudiena. Bai, ondokoak ere identifikatzen dituelako zenbait gauza. Gertatzen da eskizofrenia duen pertsona batek antipsikotikoak eta beste botika pila bat hartzen dituenean, eta beste horrenbeste pilula aurrekoen albo-efektuak leuntzeko, eta horretaz gainera anfetaminarekiko adikzioa badu... nik identifika dezaket goizeko bostetan anfetaminaz goraino dagoela deitzen didan laguna, baina unean gaixotasunetik ulertzen duzu eta hurrengo egunean lasaiago hitz egin. Arartekoari gutuna bidali zionak nola jaso zuen erantzuna? Gutxienez erantzun egin zioten. Berak egoera hori gizarteratu nahi zuen, bere esperientzia kontatu eta jendeak egoera hauek ezagutzea. Hori izan zen istorio hau kontatzera animatu ninduena: zuri ez dizute sinesten? Ba goazen nire ahotik kontatzera. Nik ez dut egoera hauek bizi dituztenen bozeramaile gisa agertu nahi; fikzio bat idatzi dut, egoera hauen atzean dauden errealitateak kontatzea hori bizi izan dutenei dagokie. Lehen aipatu duzu halako egoera pairatzen duen jendea denok dugula inguruan. Saiatzen al gara bizi dutena ulertzen? Ez bada beste erremediorik ez dugula... Badaude pertsona sentikor eta integratzaileak, baina orokorrean pertsona bati ‘zoroa’ etiketa jartzen diogunean atzerabiderik gabeko bide bat hasten da. Hipokrisiaz jokatzen dugu eta ez dugu arrazoitzen zergatik aldatu dugun pertsona horiekiko jarrera, batzuetan jarrera aldatu dugunik ere ez gara konturatzen, eta beste batzuek zuzenean mespretxatu egiten dituzte, onartzen ez badute ere. Gaixo dagoena konturatu egiten da, eta horrek amorrua sortzen du, edo gaizkitzea. Gizartearen jarrera hori gabe ere, gaixotasuna kontrolatzeko hartzen diren botiken albo-efektuak –pisua hartzea, sexu grina galtzea, indarrik ez izatea...– gogorrak dira eta izan daitezke arazo psikologikoak sortzeko motibo. Pertsona hauen kasuan, hori biderkatu egiten da. Kontzeptu gisa, «preso psikotikoak» erabili duzu. (Barrez). Bai, eta hori erreala da gainera. Nik ezagutu dut pertsona bat psikiatrikotik atera eta bere kabuz bizitzen hasi zenean egin zuen lehenengo gauza Euskal Presoak Euskal Herrira bandera ahalik eta handiena lortu eta balkoian jarri zuena. Psikiatrikoan, bere burua preso bezala ikusi eta ikuspegia zabaldu zuen, bere egin zuen borroka hori. Pertsonaiari ere, droga mendekotasuna zigortzen diote psikiatrikoan, ez diote laguntzen hori gainditzen, eta ondorioa da kondena luzatzen zaiola. Liburu hau idaztearekin, zure burua behartu duzu errealitate horiek gertuagotik ezagutzera. Aldatu zaizu zerbaitetan aurretik zenuen ikusmoldea? Aldatu baino esango nuke ikuspegia osatu dudala jendeak zer pentsatzen duen ikusi eta aztertuta. Liburua idazten ari nintzela, gaixotasun mentalen inguruko ekitaldi batzuetara joan nintzen. Horietako bat Bilboko Alondegian izan zen, dokumental bat eman eta gero mahai-ingurua izan zen. Niretzat bitxiena zera izan zen, inork ez zuela lehen pertsonan hitz egiten. Beti “beraien” inguruan ari ziren, “beraiek diotenez”, “beraien ustetan”... eta pentsatu nuen ez ote zegoen aretoan hori bizi izan duen inor, benetan bere esperientziatik hitz egin zezakeenik. Dokumentalean gaixoak agertzen ziren hitz egiten eta euren testigantza ematen eta horrek, gizartearen aurrean, humanizatu egiten zituen. Eta nik pentsatu nuen baietz, pertsona normalak direla, nik ezagutu ditudanak ere pertsona normalak diren bezala, agian beste asko baino normalagoak, eta gainera bizi izan dutenagatik besteon sufrimendu eta egoera jakin batzuekiko enpatiarako joera dutela. Baina dagoen irudia kontrakoa da. Eta pentsatu nuen, horren gertu dugun errealitatea izanik, benetan dokumental bat ikustera joan behar ote dugun hori horrela dela konturatzeko... Beste edozein bezain normalak izan daitezkeela konturatzeko? Bai. Pentsatu nuen: “Hain urruti ote dago mundu hori horren gertu egonda?”. Eleberria idazten ari nintzela ere, ea gai hori nolatan aukeratu nuen galdetu didate, inor harritu ere egin da... Laburtzeko, esango nuke liburu hau egiteak lagundu didala horren gertuan dugun errealitate horrekiko dauden jarrerez jabetzen. Uste dut hor lan handia dagoela egiteko. Eta, berriz diot, nik nire inguruko hainbat pertsonarengan oinarritutako fikzio bat idatzi besterik ez dut egin, hurbilketa bat; uste dut norberari dagokiola bere istorioa kontatzea. Idazten jarraituko duzu? Bai, baina argitaratzean pentsatu gabe. Argitaletxeen makineriak eta horren atzean dagoen industriak eragiten du etengabe liburuak argitaratzen egotea, asko publikatzen da eta uste dut munduak berdin jarraituko lukeela aurrera zenbait liburu gabe... Inoiz beste zerbait publikatzen badut, batetik idazkera eboluzio bat erakutsi beharko nuke, eta horretarako ikasteko asko daukat oraindik, eta bestetik kontatzea beharrezkoa iruditzen zaidan zerbaitez jardun beharko nuke. Kajoietan dudanarekin saia ninteke ipuin-libururen bat osatzen, baina ez da hori nik nahi dudana. «Bizi izan duzuna ateratzea beti da askatzailea, mingarria izanda ere» Zein neurriraino fikzionatu duzu gertutik ezagutzen zenuen errealitate hori? Gauza asko errealak dira, baina nire filtrotik pasa eta digerituta idatzi ditut. Zenbait bere horretan ezin zirelako kontatu, leundu ere egin ditut; errealitateak ez du zertan sinesgarria izan eta zenbaitetan sinesgaitzak diruditenak datozen bezala onartzea besterik ez zaizu geratzen, baina fikzioan sinesgarritasuna mantendu egin behar duzu. Badaude konta ezin nitzakeen kontuak, baita azaldu bai baina garatu ez ditudanak ere. Suizidioa, adibidez. Gizartean isilarazten den gaia da, eta nobelan ere hala gertatzen da. Irakurleak badaki protagonistak bi suizidio saialdi izan dituela, baina ez daki gehiago. Mikel pertsonaia [“Mikel” kapituluan suizidio baten kontakizuna egiten du Villenak] benetako pertsona batean oinarritua dago, eta dokumentatzean ikusi nuen halako kasu dezente zeudela... Buruko gaitzek jotako poeten inguruan ere dokumentatu nintzen, eta beren buruaz beste egindako poeten zerrenda luzea atera zitzaidan. Ikusi nuen poeta bat baino gehiago hasi zela idazten sendatzen saiatzeko. Anne Sexton bera psikiatraren gomendioz hasi zen idazten, Silvia Plath... AEBetako poesia konfesionala abiatu zutenen artean bazen gaixorik zegoenik eta kontakizun oso gordinak egiten dituzte. Eta gaian sakontzea erabaki nuen. Eta ezer deskubritu zenuen? Ba gaur egun batzuei gertatzen zaiena beste askori pasatu zaiela lehenago. Ezagutzen dut gaixotu eta gero idazten hasi den pertsona bat eta, psikiatrikotik atera zenean, hilabete osoa eman zuen etxetik atera gabe bere bizitzaren errepasoa egiten. Koaderno bat oparitu nion, idazteak pentsamenduak ordenatzen lagunduko ziolakoan, baita berriro gaixotuz gero hura irakurri eta lagungarri izango zitzaiolakoan ere. Eta bera idazten hasi zen... baina poesia (barrez). Poesia idaztea sendagarria izan daitekeela sinesten duzu? Ez da sinesten dudala bakarrik, nik hori ikusi egin dut. Bizi izan duzuna ateratzea beti da askatzailea, batzuetan gauza oso gogorrak dira, mingarriak, baina atera behar dira. Gainera, pertsona horren kasuan zeregin bat eman zion; poesia idaztea zeregin bilakatu zitzaion. Nobelan, pintada forma hartzen du poesiak. Acción Poética mugimenduan oinarritu nintzen; leku adierazgarrietan poema txikiak idazten dituzte, elizetan, instituzioetan... Hori ere askatzailea izango da noski… (Barrez) Ziur baietz. Hausnarrean jartzen gaituen guztia da ongi etorria.A.A. Gaixotasun mentalen berri gaixoaren ikuspegitik eta lehen pertsonan ematen zuten dokumentuak bilatzen saiatu naiz, baina ez da erraza: ikuspegi klinikoa da nagusi. Gure osasun sistema ez dago prest gaixotasun mentala eta droga mendekotasuna, biak dituen pertsona era eraginkorrean artatzeko. Nahi gabe ere, burutik gaixo dagoela dakigun pertsona baten testigantzak aukera gehiago dauzka dudakoa izateko.