14 AGO. 2016 ZORROZTARRIA Zalantza Inazio Murua Gasteizko Parlamentuak, joan den otsailean, elkartasuna adierazi zien torturen eta tratu txarren biktimei, eta ikerketetan eraginkor izateko eskatu zien epaileei eta fiskalei. Horrelako eskaera egin behar izatea ere... Tira, adierazpen hark berritasun bat zekarren. PSEk lehen aldiz aitortu zuen tortura Euskal Herrian «gertakari historikoa» dela, alderdi horren bozeramaileak trakets samar azaldu bazuen ere. Trakets edo, seguruenera, arduragabe. «Gure herrian nahi baino tortura eta tratu txar kasu gehiago izan dira», esan zuen. Hitzez hitz, «desiragarriak diren baino kasu gehiago». Batzuen ustez onartezina izan zen tortura aitortu izana. Beste batzuen ustez, berriz, zenbait tortura kasu «desiragarriak» direla esan izana. Trakets edo arduragabe? Zalantza bat sortu zitzaidan herenegun: Nork nahi ditu zenbait tortura kasu? PPk eta ikertzen ez duten epaileek, zenbait kasu ez ezik, gainerako guztiak ere desiragarrien multzoan dituzte. Eta Estatuko herritarrek? Denak ala PSEk nahi dituenak bakarrik? Erreferendum bat egingo balute, zer aterako litzateke? Itsusia litzateke gai horren gainek erreferenduma egitea, baina herritar horietako askori, gehienei, itsusiago iruditzen zaie kataluniarrek beren etorkizunari buruz hitz egitea. Herenegun sortu zitzaidan zalantza hori, egun horretan Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak Nekane Txapartegiren auzia salatu eta Suitzako Gobernuari hura ez estraditatzeko eskatu baitzion. Halaber, gogorarazi zuen Europako Giza Eskubideen Auzitegiak zortzi aldiz zigortu duela Estatu espainola, tortura salaketak ez ikertzeagatik. Joan den ekainean, berriz, Lakuak lau milatik gora tortura kasu egiaztatu dituela jakitera eman zuen. Bigarren zalantza bat ere sortu zitzaidan: Txapartegi PSEk torturatuei adierazi zien elkartasun horren jasotzaile den edo haren kasua desiragarrien artean kokatu beharra dagoen.