GARA Euskal Herriko egunkaria
TRONTZA

Hiru bikote besterik ez dira arituko Euskal Herrikoan

Barberena anaiak, Eugi eta Kañamares III.a eta Ispizua eta Zubizarreta izango dira lanean arituko direnak.


Euskal Herriko Trontzalarien Txapelketa jokatuko da bihar, Gorritin, 12.00etan. Hiru bikote besterik ez dira arituko aurten, eta egia esan, trontzalaritza ez da bere unerik onena bizitzen ari aurten. Behin baino gehiagotan Lehen Mailan kanporaketak jokatu behar izan dira, baina aurten finalean aritzeko ere beharrezkoak direnak bakarrik arituko dira.

Herrialdeetako txapelketa batzuk ere jokatu gabe geratuko dira. Badirudi mistoak indarra hartu duela, eta gaitz-erdi, baina gizonezkoena eta emakumezkoena, behintzat, ez daude sasoirik onenean, eta honek guztiak aurrera egiteko, eskerrak Nafarroari, han bikote asko baitaude, eta trontzak aurten aurrera egin ahal izango du.

Barberena anaiak, Kañamares III.a eta Eugi, eta Ispizua eta Zubizarreta izango dira lanean arituko diren bikoteak. Aurreneko biak bikote nafarrak, eta bestea, berriz, bizkaitarra. Eta faboritoak bi bikote nafarrak dira, nahiz eta Nafarroako Txapelketa eredutzat hartzen bada, Barberena anaiak aterako diren txapela  lortzeko faborito. Eskarmentua ere handia dute, eta dudarik gabe txapelik gehien duten bikotea da hau. Gainerakoek lan ikaragarri egin beharko dute hauek mendean hartzeko. Hala ere, Kañamaresekin eta Eugirekin ere kontuz ibili beharko dute, oso ongi joango baitira. Zutik jarritako enborrak eman dezake finaleko epaia.

Lana

Bikote bakoitzak egin beharko duen lana azken urte hauetako bera izango da. Hasteko, etzanda jarritako 60 ontzakoari bost epai eman beharko dizkiote. Ondoren, beste sei epai eman beharko dizkiote zutik jarritako kana-erdiko bati. Lan hauek amaitutakoan, tamaina bereko enborra etzanda izango dute, eta hari beste sei epai eman beharko dizkiote, eta azkenik, 60 ontzako enborra izango dute etzanda jarrita, eta hari bost epai eman beharko dizkiote. Hori guztia bata bestearen atzetik egin beharko dute, geratu gabe.

Bikote gutxi izan arren, ikusmina handia dago, izan ere, azken urte hauetan bi bikote nafarren arteko dema ikaragarria izan baita, eta biek ekarriko dituzte euren zaleak, eta Gorritiko pilotalekuko harmailetan ikusmina eta giroa segurtatuta egongo dira, eta ikuskizuna ere horrelaxe egongo da.