05 SET. 2016 KOLABORAZIOA Bakea eta demokrazia Kolonbian eta Euskal Herrian Rebeka Ubera eta Patxi Zabaleta Aralarreko idazkari nagusia eta presidentea Kolonbiako bake itunaren sinadurak, alde bien borondate politikoaren erakusle diren adierazpen eta baieztapen zoragarriak bezain hunkigarriak utzi dizkigu, betaurreko politikoekin zein giza betaurrekoekin irakurrita ere: «Haber logrado un acuerdo con las FARC no significa que haya existido claudicación mutua» –H. de La Calle–; «La Paz dialogada no da espacio para vencedores ni vencidos. Gana Colombia. Pierde la muerte» –Ricardo Tellez–. Txalogarria Kolonbia! Euskal Herrian eta Espainiako estatu osoan ere urte eta urte luzeetan elkarrizketa erantsi eta batu izan diogu bakeari. Elkarrizketa munduan zehar behin eta berriro ikusten da gatazken konponbide sakon, zuzen eta demokratiko bezala, eta Kolonbiakoa horren eredu da. Ez bakarrik euskaldunok, baizik eta Espainiako benetako demokrata gehienek elkarrizketaren balioa aitortu eta goraipatu izan dute urte eta urteetan; adibide bezala aski da Ernest Lluchen hiletan bere alabak esandako hitzak gogoratzea. Kolonbian hamarkadetako sufrimenduaren, odol jarioaren, desplazamenduen, indarkeriaren eragile nagusiak, munduaren eta gainerako eragile politiko zein agintarien aurrean, adibiderik hoberena izan dira ikusteko&bs; borondate politikoa dagoenean dena dela posible. Zailtasunak eta oztopoak gutxietsi gabe, eta oraindik ere etorriko diren makilakadak eta borondaterik ez dutenen trabak ahantzi gabe. Orain dela urte batzuk, Euskal Herrian bakerantz urratsak ematen hasi ginenean, nork esango zukeen gu baino lehenago lortuko zutenik? Eta ez dugu hau esaten euskaldunok azkarragoak garen sentimendutik. Gatazka bien ezaugarriak ezberdinak dira eta kasu bakoitzean bere zailtasunak zeuden, baina han elkarrizketaren abantaila lortu dute eta hemen ez. Euskal gatazka politikoak gatazka politikoa izaten jarraitzen du, eta elkarrizketarik eza Madrileko eskuin muturreko gobernuaren errua eta PSOEren zati handi baten koldarkeriaren errua da. Elkarrizketarik eza ez da euskaldunon errua eta ezta ere ETAren errua izan. Alderaketa eginez gero, azaletik bada ere, nabarmena da Kolonbiako gatazka gurearen aldean askoz ere konplexuagoa izan dela, eta haren ondorioak ere, zifra hutsetan geratuta ez direla alderagarriak. Miresgarria Kolonbia! Orain kolonbiar herriaren esku geratzen da, bi aldeek lorturiko bake ituna erreferendum batean berrestea edo ez. Benetan goresgarria. Zalantzarik gabe, 2016ko abuztuaren 24a, zinez gogoangarria. Aurrera Kolonbia! Kolonbian, eragile nagusiek, gizarteko hainbat eragileren, ordezkariren eta nazioarteko adituren babes eta sustapen lanarekin, elkarrizketa eta negoziazio ibilbidean erakutsi digute, borondate politikoa badenean, benetan zerbait lortu nahi denean, oztopoak gainditu egiten direla, formen eztabaida antzuak alboratu egiten direla eta akordioetarako hitzak, beharrezkoak diren edukiak eta neurriak bideratzeko aukera dagoela, horien zerbitzura ezarriaz gehiengo eta gutxiengoen indar korrelazioan oinarritzen den demokrazia eta horren ordezkariak diren erakunde eta legediak, eta ez alderantziz. Izan behar den bezala. Eredu Kolonbia! Kontziente gara bidea, igarotako bidea eta iragan beharko dena, ez dela xamurra izan eta ez dela sastraketatik salbu egongo, baina hala ere, eredugarria izan da Habanan bereziki, garatua izan den urteetako elkarrizketa, eta eredu gobernu zein gerrillaren jarrera. Eutsi Kolonbia! Gogoeta honetan ordea, azterketa xume eta labur bat behintzat egin beharrekoa da elkarrizketa politikoari jarri zaizkion oztopoez. Zergatik hainbesteko zailtasun elkarrizketari? Ez al da ba elkarrizketa bizikidetzaren, demokraziaren eta zibilizazioaren beraren ezaugarria? Galdera hauen erantzunean ez da aski gorrotoa, erra edo biktimen erreakzio ulergarria aipatzea; gainera izan badira biktimak elkarrizketaren alde argi eta garbi eta ozenki agertu direnak. Elkarrizketa ukatu izan da herri nortasuna ukatzeagatik eta ondorioz erabakitzeko eskubide demokratikoa ukatzeagatik. Eta orain datorrena, gogorrena eta malkartsuena izanik ere, zeinen erronka liluragarria, ausart eta eskuzabal jokatzen dakiten goi mailako eragileentzat, dena delarik ere haien ideologia. Interes kolektiboa, herri oso baten interesa, interes partikularraren gainetik jartzen dutenentzat. Herritarren esku utziaz azken hitza. Normaltasunerantz, pertsona guztien, ideia guztien, proiektu guztien joko zelaira jauzia eman aurretik. Gora Kolonbia! Bitartean, hemen, Euskal Herrian, eta elkarrizketarik ezean, gatazkak gatazka izaten jarraitzen du. Gatazka soilik politikoa eta bide soilik politikoetatik jokatu eta irabazi –edo galdu– behar dena. Estatuko indar politiko argienek eta aurreratuenek jakin badakite XXI. mendeko demokrazia garatu batean kontraesanezkoa dela erabakitzeko eskubidea ukatzea, baina hemen, Euskal Herrian, oraindik badaude indar politikoak ez direnak foruen trikimailuzko hezurduratik irten. Nola ituna hitzartu, erabakitzeko eskubiderik gabe? Nola subiranotasuna partekatu subiranotasunik izan gabe? Zenbat daukagun Kolonbiatik eta beste hainbeste tokitatik ikasi beharra! Eta orain datorrena, gogorrena eta malkartsuena izanik ere, zeinen erronka liluragarria, ausart eta eskuzabal jokatzen dakiten goi mailako eragileentzat, dena delarik ere haien ideologia