13 OCT. 2016 TRONTZA Iraizoz-Barberena izan da bikote mistorik onena Bigarren postuan sailkatu ziren Ontsalori eta Eugiri 14 segundoko tartea kendu zieten. Jon LEUNDA Ana Iraizozek eta Josetxo Barberenak irabazi zuten atzo Basaurin jokatu zen Euskal Herriko mistoen finala. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, jendetza handia batu baitzen finala ikusteko asmoarekin. Orain dela hiru aste jokatu zen kanporaketa, eta hango sei onenak neurtu ziren atzo. Bikote bakoitzak 15 epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako 45 ontzako enborrari. Ontsalo eta Eugi izan ziren kanporaketako onenak eta atzokoan ere faborito agertzen ziren. Hala ere, aurreneko bost sailkatuen artean kanporaketan egon ziren aldeak oso txikiak izan ziren, eta ondorioz garbi zegoen edozer gerta zitekeela, eta azkenean kanporaketan hirugarren amaitu zuen bikoteak jantzi zuen txapela. Hasiera parekatuaren ostean, Barberenak eta Iraizozek aurrera egin zuten, baina gainean izan zituzten Ontsalo eta Eugi, eta lehia oso polita izan zuten. Urrutiak eta Sorondok ere egin zuten euren ahalegina aurrekoak harrapatzeko, baina ezin izan zuten, eta hor geratu ziren hirugarren postu horretan, atzekoak atzera geratuta zeudelako. Lehen postu horretarako lehia ederra izan zen, baina azkenean ihes egin zuten Barberenak eta Iraizozek, eta eurentzat izan zen txapela. Bigarren postuan geratu ziren Ontsalo eta Eugi eta hirugarren, berriz, Sorondo eta Urrutia. Beste lehia laugarren posturako izan zen. Ispizua anai-arrebak eta Etxaburuak eta Aizpuruak lehia polita izan zuten, baina apurka-apurka azken hauek ihes egin zuten, laugarren postua segurtatuz. Astondoa eta Etxebarria, berriz, atzean geratu ziren ia hasieratik, eta hortxe amaitu zuten finala. Barberenak eta Iraizozek 4 minutu eta 51 minutu behar izan zituzten euren lanak amaitzeko. Bigarren sailkatu ziren Ontsalo eta Eugi, 14 segundora geratuz, eta podiuma Sorondok eta Urrutiak osatu zuten, lehen sailkatuengandik 38 segundora euren lana amaituz. Atzetik, berriz, Etxaburua eta Aizpurua (5.41), Ispizua eta Ispizua (6.01) eta Astondoa eta Etxebarria (7.29) sailkatu ziren. Atzo finalean izan ziren erdiek, aurreneko hirurak nafarrak baitziren, urriaren 23an Beran Nafarroako Txapelketako finala jokatuko dute. Euren artean minutu erdiko tartea egon zen atzoko lehian, eta herrialdeko txapelketan izango dute berriro ere euren indarrak neurtzeko aukera paregabea, eta han ere borroka handia izango dute.