GARA Euskal Herriko egunkaria
BLOKEA

Blokeko muturreko zailtasunak lehen 9a proposamena jaso du

Lau urte jo eta su jardun ondoren, Nalle Hukkataivalek «Burden of dreams» askatzea lortu du. Blokearen lehen igoera izateaz gain,boulderrean aurkezten den lehen 9a graduko proposamena da. Finlandiarrak dio prozesu guztia gogorra izan dela oso.


Nalle Hukkataival finlandiarrak astindu ederra eman dio blokearen zailtasunari. Urriaren 23an askatu zuen “Burden of dreams” korapiloa. Esku artean zuen lau urteko xedea borobiltzea erdietsi zuen. Bai, lau urte behar izan ditu bloke horrek zituen sekretu guztiak argitzeko. Eta hori behin eginda, sare sozialetara jo zuen zera esateko: «Uste dut 9a dela».

Hitz soil batzuk besterik ez dira, baina beren baitan indar handia dutenak; izan ere, finlandiarrak “Burden of dreams”-ekin blokeko zailtasunean munduko lehen 9a proposatu du. Urteak generamatzan boulderrean muturreko zailtasunean urratsak egitea kosta egiten zela aipatzen. 8c graduko lehen proposamenak duela 15 urte iritsi ziren. Egun, zailtasun hori erabat sendotuta dago; ez ordea, 8c+. Mundu zabalean proposamen batzuk badaude; besteak beste, Daniel Woods, Dai Koyamada, Adam Ondra, Toni Lamprecht eta enparauek egindakoak. Eta badirudi baieztatu den lehen 8c+ iritsi berri dela; hain zuzen ere, Grahamek argitaratutakoa. “Creature from the black lagoon” (AEB) egiteko 16 egun besterik ez ditu behar izan. Woods izan zen bloke horren lehen igoera sinatu zuena.

Kirol eskaladan ez bezala, blokean zailtasunaren bilakaerak bestelako testuingurua du; hots, hori aztertzeko beste parametro batzuk hartu behar dira. Honen inguruan luze eta zabal hitz egin dezakegu, baina uste dugu hurrengo lerrootan Hukkataivalek lau haizeetara hedatutako berria jorratu besterik ez dugula egin behar.

Helsinki hiriburutik gertu dago Lappnor. Eta han lau urte jo eta su jardun eta gero, finlandiarrak “Burden of dreams” blokea askatu berri du. Egun historikoa, beraz, urriaren 23koa: «Lappnor-eko xedean beste egun bat izan dut. Urte guzti hauetan izan dudan errutina dagoeneko ez da batere zirraragarria: beroketa ariketa berberak, ordubete errepide berean gidatu, heldulekuak behin eta berriro garbitu, buruan ikasita ditudan sekuentziak behin eta berriro errepikatzen ahalegindu… Egun batzuetan indartsu sentitzen zara, zeure buruarekin oso seguru, baina erabat lur jota itzultzen zara etxera. Beste batzuetan ez zaude ehuneko ehunean, eta, beharbada, inoizko saiorik onena egiten duzu. Badirudi, logikak orain dela asko leiho batetik alde egin zuela».

Kontaketa horretan, Hukkataivalek dio lau urte horietan izan dituen saio asko ahaztea gustatuko litzaiokeela: «Iaz puntu gorenera iritsi nintzen. Azkenean, asteak eta hilabeteak urte bihurtu dira, guztiak ala guztiak zalantzaz eta ziurgabetasunez beterik. Zaila izan da oso neure burua motibatuta mantentzea; itxaropen txinparta hori bizirik mantentzea. Ez dut ezkutatzen xede honek irudikatu duena: porrota hainbat mailatan. Blokearen azpian eserita zaudela, bere zama sentitzen duzu. Estutzen hasten naizenean, beti era berean hasi eta bukatzen da. Oraingoan ezberdina izan da».

Hain zuzen ere, finlandiarra behin betiko saioari buruz (hots, xedea askatu zuen egunari) ari da: «Blokearen ezpainetik zintzilik nago, erabat nahasita eta bihotzaren taupadak abiada bizian doazkit. Ikarari eusten diot. Blokearen goialdean nago, hara nola iritsi nintzen ziurtatzen. Sentipen asko batzen dira: ezustea, lasaitua, zoriontasuna, nahasmendua. Gaur, jaiki naizenean, mundua beste modu batera begiratu dut. “Burden of dreams” blokearen lehen igoera egin dut. Nire ibilbidean beste maila berri bat da. Munduan 8c+ graduko hainbat proposamen egon eta gero, logikoa iruditzen zait 9a proposatzea».

«Ametsezko murrua»

Ez gara hasiko proposamen iraultzaile horren inguruan batzuek eta besteek eman dituzten iritziei buruz lerro batzuk idazten. Une honetan horrek ez du merezi; izan ere, “Burden of dreams”-era hurbiltzen direnek, bloke horretan saiatuko direnek eta lehen errepikapenak egiteko gai direnek, orduan bai, hitz egingo dute.

Eta, ziur aski, egungo munduko espezialista batzuk “irrikaz” egongo dira Lappnor-en dagoen harribitxi horretan saiatzeko. Hukkataivalek, bederen, aipatu du Woods, Webb eta Grahamen bisitak izan zituela: «Munduko espezialista sasoikoenak ondoan izatea aparta izan zen. Zailtasunaren eskalaren inguruan eztabaida luzeak izan genituen. ”Burden of dreams”-ek izango lukeen graduari buruz, berriz, ez genuen eztabaidatu. Konparazio batzuk egin genituen soilik; hots, bloke jakin batzuk alderatu. Bederen, argi izan dugu 8c gradua eguneratu behar dela».

Nahiz eta askatu berri duen muturreko bloke hori 9a bezala aurkeztu duen, Hukkataivalek argi du egungo espezialista batzuek helburu bezala hartu eta gai izango direla hura borobiltzeko: «Ikuspuntu fisiko batetik argi dut ‘Burden of dreams’ errepikatuko dela. Alabaina, bloke horretan saiatuko denak kontuan hartu behar du buruari asko eskatzen diola. Nire kasuan lehen igoera izan da, eta horrek efektu psikologikoan eragina izan du. Murru erreal batean borrokatu behar izan dut. Eta murru hori hausten denean, niretzat eta denentzat hautsi egin da. Gai horren adibide perfektu bat da 100 metroko lasterketan 10 segundotik jaistea lortu zenekoa. Hamarkada asko igaro ziren marka hori lortzeko; gizakia hori lortzeko gai ez zela izango asko espekulatu zen. Baina, esan dudan bezala, ametsezko murru hori azkenean suntsitu egin zen».

Argi dagoena da finlandiarrak blokeko eskalan beste zenbaki berri bat sartu duela. Eta lortu duena historikoa bada ere, Hukkataivalek onartu du egin duen proposamenak garrantzi handia duen arren haren inguruan hitz egitean lasaitasuna behar dela: «Onartzen dut 9a idatzita ikustea surrealista dela. V eskalan V17 (9a) zenbaki aleatorio bat da. 9a-ren inguruan dagoen zurrunbilo hori kontuan hartuta, batzuetan txantxetan eta besteetan serioago esaten dut ‘Burden of dreams’ 8D dela. Ez dut uste bloke hau nire mugan dagoenik; izan ere, inoiz ez dakizu muga hori non dagoen. Jakin badakit, buruak sasoiari mugak jartzen dizkiola. Hori gainditzen badut, uste dut beste urrats batzuk egiteko gai izango naizela. ‘Burden of dreams’ xedeak asko eskatu dit. Gogorra izan da oso, baina argi dut aipatutako muga horiek deuseztatzen borrokan jarraituko dudala. Horrekin esan nahi dut ezinezkoak diruditen proiektuetan saiatzen jarraituko dudala».

Lehen 9a graduko proposamena iritsi da. Soilik aipatu behar dugu finlandiarrak 8c-tik 9a-ra egin duela salto; tartean dagoen + horri izkin eginez.