GARA Euskal Herriko egunkaria

Metro karratuak


Analisiak egiteko 140 karaktere erabiltzen diren garaiotan, errealitateari neurria hartzeko ditugun bestelako baliabideak gogora ekartzea komeni da. Baditugu kontuak egiteko zenbakiak, baditugu denbora neurtzeko egunak eta urteak eta baditugu distantziak neurtzeko metroak eta kilometroak.

Kontuak baina, ez zaizkigu ondo irtengo, zenbakien atzean dauden aurpegiak ahanzterainoko amnesia kolektiboa baldin badugu eta aurpegi horien atzean dauden bizitzentzat egunak eta urteak igaroko ez balira bezala jokatzen badugu. Herri eta jendarte gisa banantzen gaituzten mugak eta distantziak handitu besterik ez dugu egingo, metro karratu eskasetan bizitzera kondenatuta lekutan daudenekiko kilometroak murriztu baino trenbideetako kilometroetan oinarritzen baditugu gure ongizaterako eta etorkizunerako negoziazioak.

Urtarrilaren 14ak egun berezia behar du izan, ez dadin bihurtu jadanik luzeegia den urte kate baten urtarrileko egun soil bat. Larunbatean, Bilboko karriketako metro karratu bakoitza jendetzaz bete beharra dago, ziegetako metro karratu eskas eta itxietara elkartasun eta itxaropen haize bolada bat irits dadin, haienganako kilometroak ezabatzen ditugun unean, elkarbizitzarako geratzen zaigun distantzia murrizteari ekin ahal izango diogulako.