19 ENE. 2017 Sentimendu izoztua Lander GARRO Idazlea Tokirik topatu ez eta, semearekin pilota partidura garaiz iristeko, belar gainean aparkatu dut, Daniel Ugarte pilotalekuaren pare-parean, akaso munduko tokirik legez kontrakoenean. Jokabide lotsagarria, baina ez dut nirekin kirol jaialdietara sekula etorri nahi ez duen semea zapuztu nahi. Pilotalekuan sartu eta, ohartu orduko, semea pilota-eskolako lagunekin alde egiten ikusi dut, eskuaz keinu txiki bat eginez. Hona, bada, semearekin ilusioz etorritako aita txolina, bakarrik txaloka, jokaldi ederrak inorekin komentatzeko betarik gabe. Atera aurretik tabernan eman dugu tarte bat, inork ez dezan autoaren jabe inzibilizatua nor den ikusi. Orangina baten ostean, hurreratu gara autorantz, baina gaua da eta, nahi gabe, zakur zirin handi bat zapaldu dut: naturaren mendekua. Etxearen kanpoaldean utzi dut kakaz betetako bota, eta lotara joan naiz. Biharamunean, zapata hartzean, bota eta zirina izoztuta topatu ditut. Gogor jo dut bota hormaren kontra, kaka askatzeko, eta hura zolaren marrazkien formaz erortzen ikusi dut: txokolate zatiak balira bezala nire aurrean geratu dira sakabanaturik. Kakazko Lego bat dirudite. Ilun sentitu naiz. Badakizue nola den kontua: batzuetan burutik pasatzen zaigun gauza bakarra da ez ote garen pittin bat etxekalte eta desastre. Ez ote den ari geure seriotasun eta fundamentu oro izoztutako zatietan bezala amiltzen ari.