31 ENE. 2017 ZUBIETA ETA ITURENGO INAUTERIAK BESTA BASATI ETA AUTENTIKOA BIZIARAZTEN DUTE JOALDUNEK Argazkiak: Juan Carlos RUIZ | ARGAZKI PRESS eta Ander GILLENEA | AFP Bizitzekoa da joaldunak protagonista dituen inauteria. Ezinezkoa da ikusle soil izatea. Ezustean, izaki harrigarri –eta, sarri, beldurgarri– batek harrapatu eta parte bilakatuko zaitu. Eromenaren parte, naturaren ernatzearena, honek dakarren pozarena, partekatzearena... Zubietako arkupeetan kozinatzen da besta. Han lotzen dituzte indarka gerrian ardi-larru eta joareak, neskek eta mutilek, helduek eta haurrek. Ederki gosalduta ekin zioten atzo bideari, isipuari eraginez, Malerreka ederrean. Aurtiztarrekin elkartu eta, Latsaga zubian barna, Iturenera ailegatu ziren. Eta, hiru tokitako joaldunak biltzean, irri eta barrenak askatu zituzten. Gaur iturendarrek bisita itzuliko diete zubietarrei.