03 MAR. 2017 Alderantzikatze termikoa Pello ZABALA Eguraldian aditua Badu hozberoak iraultze gura txiki bat, jolaserakoa bezala, airea bakeoso dagoenean, hotza behera eta beroa gora, pixka bat endredatzea gustatzen zaionekoa. Baldintza berezi batzuk parean topatzea nahikoa du iraulketa hori suertatzeko. Nornahik daki normalean goiko mendi kaskoan baino epelago egiten duela beheko zokoetan. Baina, oraingoan, alderantziz doa zeozer, eta termikoa denez kontua, hotza eta beroa dira zilipurdikatu direnak: hotza behean pilatu eta beroa goraxeago kokatu. Baldintzak: aireak bake-bakean egon behar du, antizikloi baten airemendi lasaiaren barruan ondoen. Beroak, normala, irradiatze prozesuz, ospa dagi goraka: bitartean mendi hegaletik, pendizetan behera, mantso-mantso, hor datoz beheko zokoetara, hotsik gabe, aire-izpitxo ttiki hotzago eta umelagoak; pisuzkoagoak, dena esan behar bada. Errekondoetan behe-lainotan kondentsatzen dira, pisuago ta hezeago. Behe-lainorik ez dagoen ibarrean, neguan, izotza sortuko da xuri, edo zuri-zuri nabarmenduko, zeropeko balio termikoekin. Aldiz, 450 metro ingurura igotzean, adibidez Arantzazura bidean Urtiagain inguruan, edo beste mendibideetan, dena argi eta epelago ageri zaizu. Orain autoetan termometrorik badenez, aibala! 8° azaltzen da kolpetik. Airezko mailatxo zehar-argi batek banantzen ditu hortik gora 8° epeletan dauden aire-izpiak beheko aire hotzarekin nahasi gabe. Haizerik balitz ez legoke tenperatura alderantzikatzerik. Ezta ere zeru tapatua balitz. 450-500 metro inguru horretan dago aire epelena, aire hotzezko koltxoi gainean, eta hortik gora, gauzak normaltzen doaz: 600 metro inguruan, 7°; 900 metrorako, 5°... eta horrela, gora ahala, hozbero nahasion alderantzikatzea bere normalera itzultzen doa, betiere aro egonkor bakeosoaren seinaletan. Alderantzikatze honekin uler daiteke nola aurtengo neguan ez dugun izotzik izan Arantzazuko pendizotan. Durun, Urbian, Gesaltzan eta potolotxoetan bai, baina Arantzazun, 90 egunetan, bi goizetan bakarrik arrimatu da hozberoa izotzaren 0 gradura: bi goiz horietan ere, gradu erdi positiboa. Aurten aire bakeosoa nagusi, eta zeru garbi distirantak. Termikoa denez kontua, hotza eta beroa dira zilipurdikatu direnak: hotza behean pilatu eta beroa goraxeago kokatu