09 MAR. 2017 «Elsa Scheelen» nobela irakurriko dute gaur, Txillardegi gogoan GARA DONOSTIA Txillardegi gogoan izango dute gaur bere jaioterrian, Donostian, idazlea hil zenetik bost urte bete direnean. “Elsa Scheelen” nobelaren irakurraldi dramatizatu eta musikatua prestatu du Txillardegi Liburutegia herri ekimenak gaurko. Donostiako Liburutegiko sotoan da hitzordua (sarrera San Jeronimotik). Ekitaldian irakurriko diren testuak Dorleta Urretabizkaiak egokitu ditu eta bere zuzendaritzapean arituko dira irakurle lanetan Asier Hernandez, Joseba Urzelai, Koldo Izagirre eta Fito Rodriguez. Musika, berriz, Maddi Zubillaga biolinistaren esku egongo da. “Elsa Scheelen” 1969. urtean eman zuen argitara Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik. Bere hirugarren nobela zen. Protagonista, Elsa, euskal literaturaren benetako lehen emakume edo hezur-mamizko lehen emakumetzat hartu izan da. «Horregatik irakurraldia Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren giroan egitea», azaldu dute antolatzaileek. Saioak Bilgune Feministaren babesa du eta Korrika Kulturalaren barruan dago.