GARA Euskal Herriko egunkaria

Kamioia


Nire idazmahai desordenatuan zirrikitu baten bila dabil katua. Eguneroko zeremonia du, ez dakit zeren arabera erabakiko duen zirrikitu hau beste hura baino hobea dela, denak baitira eskasak nire mahai desordenatuan, baina aurkituko du, eta han etzango da. Bizitza trankila du nire katuak: jan, nire bizilagunaren autoaren azpian gorde, kaka egin, eta nire liburuen artean zirrikituak bilatu, han etzan eta meditatzen jarduteko, biloz betetako budista bat bezala. Aste honetan guraizearena egin eta hiru lagun akabatu dituen kamioiaz gogoratu naiz. Ezin dut eszena burutik kendu. Lanetik bueltan zoaz etxerantz, eta alabari idatzi diozu esanez gaur etxeko lanak elkarrekin egingo dituzuela. Bat-batean, presaka eta pisuz gainezka datorren gidariak, atzeko zama kontrolik gabe geratu zaiola sentitu du. Parez pare ikusi zaitu zu, eta atzetik datorren beste autoa, hura ere jendez beteta. Baina jadanik ezin dio kamioiaren pisuari eutsi. Fisikaren legea geure heriotzari buruzko ideia oro baino gupidagabeagoa da. Haragia. Burdina. Pisua. Txikizioa. Eta amaiera. Betiko. Neure buruari galdetzen diot: zergatik doa kamioia hain azkar? Zinez halako premia ote dauka? Asesino bat ezkutatzen ote da gu guztion atzean, gure zain? Neure buruari galdetzen diot: eta orain? Orain nire katuak lo segitzen du, albisteoz ezaxola. Bizitza trankila du, guk ez bezala.