17 MAR. 2017 IZARR «UMEA ERABILTZEN SEGITZEN DUTE SARARI MENDEKUA HARTZEKO» HIRU URTE DITU ETA JADANIK KONDENATURIK BIZI DA» ADIERAZI DU IZARREKIN SARA ETXERA PLATAFORMAK. IZAN ERE, ATZO ERI ERNATU ARREN EZ DIOTE TTIKIARI AMAREKIN MEDIKUARENERA JOATEN UTZI, ETA EGIN BEHARREKO BIRIKAREN ERREBISIOAREN ZAIN DA ORAINDIK. BERE AUZOTIK ELKARTASUN ETA MAITASUN PILA BIDALI DIOTE. Maider IANTZI «Gaur goizean Izar gernu infekzio batekin esnatu da eta bere amari medikuarenera eramatea debekatu diote. Sarak badaki gernu infekzioa duela, sarri izan duelako. Gainera, birika baten errebisioa egin behar zioten astelehenean eta oraindik ez diote egin. Amari ez diote uzten haurra ateratzen sendagileak ikus dezan. Honek ezin du horrela izan. Kartzelan ez zen hala. Bertan baziren bitartekoak eta sukarrik edo beste arazorik bazen ospitalera atera zitekeen». Hala hasi zen Kontxi Ibarreta umearen amatxi bizi duten egoera latza azaltzen, Intxaurrondoko Sagastieder plazako marrazki jaialdian. Izarrekin Sara Etxera plataformak besta antolatu zuen ama-alaben auzoan. Eguraldi goxoa lagun, haur eta familia pila bildu ziren parkean eurekin jolastu ezin duen Izar ttikiari bidaltzeko marrazkiak egiteko. Zanko eta soka gainean ibili eta txokolate beroa berendu zuten izar formako globo moreak askatzen ez zituzten txikiek. «Izarrek eta Sarak bizi duten egoera jasangaitza da –jarraitu zuen Ibarretak bere mezuarekin, hanka tartean margo kaxa hartuta lurrean etzanda edo eserita izarrak, bihotzak, etxeak, loreak, mendiak, trenak, errekak... margotzen ari ziren haurrak zituela–. Erakunde guztiei, zerbait egin dezaketen denei eskatuko diet mesedez mugitzeko. Oinarri-oinarrizko eskubide bat urratzen ari dira, are gehiago 3 urteko ume batez ari garelako. Bere osasuna arriskuan dago. Beste behin amari mendekua hartzen ari dira umearen bidez. Eta urtarrilaren 15ean bere aitak labanaz zauritu zuenetik ez diote mendekatzeari uzten. Gero eta zailtasun gehiago jartzen ari dira bera osatzea oztopatuz. Kalera atera ezin izatea bere osasunaren kontra doa». Aitona-amonekin bai, atera daiteke umea, baina hauek 500 kilometrora ditu, laguntxoak, ikastola, medikua, maite dituen eta atzo plaza bete zuten euskal kantak eta bere inguru guztia bezala, urrun. Bederatzi egun haizerik gabe Beraiek jarritako legea bera urratzen ari direla adierazi zuen amonak. Bederatzi egun daramate ama-alabek Madrilgo harrera zentroan sartuta, haizerik hartu gabe, eta hori beraien arauak ere ez betetzea dela nabarmendu zuen Ibarretak. «Behingoz bete ditzatela eta etxera, egon behar duten lekura ekar ditzatela eskatzen dut. Hemen ez dugu mota honetako arazorik izango. Hortaz, tramitea egin behar duenak egin dezala eta etor daitezela etxera». Martxoaren 8an kalera ateratzeko Aranjuezeko Espetxe Batzordeak proposatu zituen hiru orduak bertan behera utzi zituen Zaintza Epaitegi Zentralak, tramite bat falta zela-eta. Horretaz galdetuta, amonak erantzun zuen ez zekitela zein den arazoa eta zergatik ez den tramite hori egiten. «Badirudi fiskaltza dela sinatzen ez duena». Sendagilearengana monitoreren batekin joateko aukera aipatuta, agertu zuen umeak ospitaleratze hagitz-hagitz gogorra izan duela eta amarekin soilik nahi duela. Kontuan izan behar da urtarrilaren 15ean aitak labankadaz larri zauritu ondotik hiru astez egon zela erietxean jaiotzatik erreferente izan duen amarengandik bananduta (bi egunetik behin egunean ordubeteko bisitekin soilik). Biak elkarrekin espetxera bueltatu eta gero azkeneko momentura arte segitu zuen ama-alabak berriro banatzeko mehatxuak. Etengabe jendearen maitasuna eta besarkadak jasotzen zituen Ibarretak, eta harro begiratzen zion plazari. Txikiez gain, gurasoek ere idatzi zituzten elkartasun mezuak. «Izarri ez diote eskaintzen behar duen babesa. Zergatik?» galdetu zuten hori aldatzeko lanean segituko duten plataformako kideek. «Oinarri-oinarrizko eskubide bat urratzen ari dira, are gehiago 3 urteko ume batez ari garelako. Bere osasuna arriskuan dago»