21 MAR. 2017 Berrogei urteko maitasunik gabeko ezkontzaren haustura 29an hasiko da Britainia Handiko Gobernuak hilaren 29an jakinaraziko dio modu ofizialean Europar Batasunari nazioarteko erakundea uzteko erabakia. Une horretan hasiko da bi aldeen arteko negoziazio prozesu konplexua, «belaunaldi honek ezagutuko duen garrantzitsuena», David Davis ministroaren esanetan. Harreman zail baten azken mugimenduak. GARA LONDRES Europako Ekonomia Erkidegoan 1973an sartu zen Britainia Handia eta Ipar Irlandako Erresuma Batua, Irlanda eta Danimarkarekin batera. Baina britainiarrak nazioarteko erakundetik kanpo nahi zituen Charles de Gaulle presidente frantsesak, bere ustez, uharteetako Estatua AEBen Troiako Zaldiaren pareko zerbait izango baitzen blokean. De Gaullek bitan eman zuen ezezkoa, baina azkenean argi berdea iritsi zitzaion Londresi. Berehala baieztatu zen Erresuma Batua ez zegoela batere eroso Ekonomia Erkidegoan eta 1975ean erreferendum bat egin zuen, blokean jarraitu ala ez erabakitzeko. Orduan baiezkoak irabazi zuen baina, begirale askoren ustez, garbi geratu zen Londresko agintarientzat «merkatu hutsa» zen erakunde berria kontinenteko bazkideentzat askoz ere gehiago zela: proiektu politiko oso bat. Hala ere, negozioak egitea helburu zuen hitzarmenezko ezkontzak 44 urte iraun zuen, bi aldeei komeni zitzaielako. Baina hamarkada horietan britainiarrek ezetz esan diete kontinentekoek egindako makina bat plani: ez zuten euroan sartu izan nahi; Europaren integraziorako sekulako aurrerapen moduan aurkeztu ziguten moneta bakarrak ez zituen britainiarrak liluratu, eta libera esterlinarekin jarraitu zuten. Gauza bera egin zuten herrialdeen arteko mugetako kontrolak ezabatu zituen Schengengo Itunarekin. Pauline Schnapper Parisko Sorbona Unibertsitateko irakasleak adierazi duenez, hasiera-hasieratik «harreman utilitarista» izan zen Londresen eta Bruselaren artekoa, eta garrantzia, batez ere, arlo ekonomikoari ematen zitzaion. Sentimenduzko gutunik ez zegoen ezkonduen artean, kalkulu ekonomikoz betetako txostenak besterik ez. «Transakziozko harremana izan zen eta, ondorioz, dibortzioa iristea erabat logikoa zen», Anand Menon Londresko King’s Collegeko irakasle britainiarraren hitzetan. Elizabeth II.a erreginak Mayren Gobernuari Europar Batasunetik ateratzeko prozedura abiatzeko baimena ematen dion legea berretsi ostean egin dute iragarpena. Theresa May lehen ministroak martxoaren 29an emango dio hasiera Britainia Handia Europar Batasunetik ateratzeko negoziazioari, Lisboako Itunaren 50. Artikulua aktibatuta, Londresko Exekutiboak baieztatu duenez. David Davis Brexiterako ministroak adierazi zuen britainiarrek hautetsontzietan erabakitakoa betetzeko prozesua egun horretan hasiko dela, Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteari eskutitz bat bidalita. «Gure aldetik dena prest dago», dio Bruselak. Mayk Eskozia eta Irlandako iparraldea bisitatuko ditu Downing Street-ek atzo jakinarazi zuenez, Theresa May lehen ministroak Eskozia eta Irlandako iparraldea bisitatuko ditu hilaren 29a baino lehen, hau da, Europar Batasunean jarraitzeko aukerak erreferendumean irabazi zuen lurraldeak. Nicola Sturgeon Eskoziako ministro nagusiak gaur bertan aurkeztuko du lurraldeko Parlamentuan bigarren erreferenduma antolatu ahal izateko britainiar Gobernuarekin negoziatzeko baimena eskatzen duen mozioa. Theresa Mayk dagoeneko esan du une honetan ez dagoela beste erreferendum bat egiterik: «Orain Erresuma Batuak bat eginda egon behar baitu Bruselarekin negoziatzeko». Londresek Eskoziari ezetz esaten badio, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak epaitegietara eraman dezake auzia. Irlandako iparraldean ere kezkatuta daude, Brexita gauzatuz gero Irlanda barruko mugek (hegoaldea, blokean; eta iparraldea, bloketik kanpo) eta kontrolek bertako ekonomian izango duten eraginagatik.GARA BI URTE Londres eta Bruselako agintariek bi urte izango dituzte dibortzio ituna adosteko. Erabaki beharko dute, esaterako, ea Britainia Handian bizi diren europarrek bertan bizitzen eta lanean jarraitzerik izango ote duten. 48 ORDU Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak txio baten bitartez iragarri duenez, Lisboako Itunaren 50. artikulua aktibatu ostean 48 ordu baino ez ditu beharko negoziazioen ildo nagusiak aurkezteko.