06 ABR. 2017 Atzera korrika Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Hizkuntza gutxitu baten alde munduan egiten den ekimenik bitxienak, jendetsuenak eta hunkigarrienak gure herri zatitua zeharkatzen duen bitartean, nazioari neurria hartzeko bestelako kontuetan dabiltza batzuk Madril aldean. Euskararen erabateko normalizazioa eta gure identitatearekiko errespetua lirateke territorio libre eta nazio gisa onartzen gaituzten seinalerik onena, baina irakurketa horietatik urrun, 250 ertzainen lanpostuen normalizazioa lortu izana nahikoa omen da Urkullurentzat bi gobernuen arteko aldebiko harremanez hitz egiteko, eta boteprontoan ahaztu zaizkio Espainiako Gobernuak Gasteizkoak onartutako hamaika konturen aurka aurkeztutako helegiteak. Kointzidentzia hutsa izan arren, kuriosoa da ETA erakundearen armagabetzea gertatu behar den garai berean jazotzen ari izatea polizia gorputz baten inguruko negoziazioa eta Rajoyren gobernuarekin adostasunera iristeko ustezko ezintasunari gai honekin amaiera ematea. Jakina da Ertzaintzaren kontura lortutakoa Espainiako aurrekontuak onartzearen aurrekaria izan daitekeela. Ezinegona sortzen dit egunotan Korrikak zeharkatu dituen zenbait paisaia abiadura handiko tren batek irentsiak izango direla pentsatzeak. Baina, hori bai, lasaitasuna ematen dit jakiteak 250 ikurrinadun polizia gehiago izanen direla gure segurtasunerako.