06 ABR. 2017 Musikaren bermeak Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea Arrazoinamendu deduktiboaren emaitzak zientzia mundura eraman nahi ditu ia pentsamendu guztiak. Baina zer arrazoinamendu deduktibo erabiliko dugu kantu bat gustuko dugula esateko? Artista edo talde baten aurreko diskoek asebete badute norberaren gustua, arrunta da espektatiba onak eraikitzea etorriko diren abestien inguruan. Deduktiboa baino aieruzkoa da une horretan gure pentsamendua. Kantua entzuteke burua behartuko dugu gustukoa izango dugula eta aldez aurretik probokatu dugu geure gustua nolakoa izango den. Denoi gertatu zaigu noizbait norberaren espektatiba horien behetik egotea kantu berriak. Baina hain estimu handian duzun taldeak ezin dizula huts egin pentsatzen dugu lehenbizi. Buruaren lehen ekintza da konplazentzia merkean murgiltzea edo burua derrigortzea gustuko ez duzun hori gustuko bilakatzeko. Dirutza gastatu ondoren bidaian, nahiz eta ez dugun ongi pasatu, lagunei edo norberari nola esan dirua zakarrontzira bota izanaren sentimendua duzula? Talde bati buruzko sentimendu horri nola eman diezaiokezu bizkarra orain arte zeharo bete izan zaituenean? Kontu zaila da. Bizitzaren filosofiak erakutsi behar digu nola egin aurre guk nahi ez dugun amaiera duten gertakizunei (hemen gertakizuna artistaren disko berria ez dugula gustuko da). Enigma orok bere erantzuna du ezkutuan (eta kantua enigma da). Ezerk ezin du ziurtatu edo bermatu zerbait gustukoa izango dugula: gertatutakoan jakingo dugu.