07 ABR. 2017 Bide onetik goaz Ana CASTRO AEK Barakaldokoa naiz eta daukat paro obrero». Zenbatetan haserretu naiz kanta hori abestu didatenean! «Nongoa zara». «Barakaldokoa». «Hara, ‘Vaya Semanita’-ko Jonan bezala!». Zeresanik ez. Urteen poderioz, harro esaten dut barakaldarra naizela. Horretarako hamaika arrazoi ditudalako: herri handi honetan gero eta gehiago dira euskararen mundura hurbildu eta hurbiltzen ari direnak, batzuk euskaltegira etortzen dira egunero-egunero, beste batzuek mintzapraktika egiten dute Berbalagun egitasmoan, beste batzuek musika eta dantza taldeetan parte hartzen dute... Gero eta gehiago dira parkean seme-alabekin euskaraz mintzatzen diren gurasoak. Mediku eta pediatra euskaldunek artatzen gaituzte alaba eta biok. Badauzkagu antzerkia euskaraz egiten duten taldeak, euskarazko musika taldeak… Korrika Lagun egitera joan eta euskaraz mintzatzen diren saltzaileak gero eta gehiago direla ikusteak izugarrizko poza sorrarazi dit. Oraindik lan handia dago egiteko eta herria euskalduntzeko, baina, barakaldarrok bide onetik goaz. Euskararen aldeko lasterketa herritik pasatu zen atzo. Ordu txikietan izan bazen ere, 20. edizio hau ere oso parte hartzailea izan da. Hori argi dugu AEK-ko irakasleok: BAT izatetik BATZUK izatera pasatu gara herrian. Inoiz baino auzolan eta elkarlan handiagoa egon da elkarteen artean. Auzoetan inoiz baino ospakizun gehiago antolatu dira euskararen eta Korrikaren harira. Lasterketa Txikian 1.000 bat umek herriko plaza koloreztatu zuten eskola/ikastoletan egindako petoekin. Inoiz baino esku gehiago izan ditugu antolaketa lanetan. ZORIONAK hau guztia posible egin duzuen barakaldar guztioi eta ESKERRIK ASKO Korrikaren magian sinesteagatik. Aupa zuek, euskararen malabaristok! Ba, bai, Barakaldokoa naiz eta harro nago. Gora Barakaldo eta Ezkerralde EUSKAHALDUNA!!!