GARA Euskal Herriko egunkaria
Sega

Alatzne Etxaburua eta Julen Gabirondo onenak


Etxaburua, nesketan, eta Gabirondo II.a, mutiletan; bi horiek izan ziren atzo abiatu zen nazioarteko erako Euskal Herriko lehen jardunaldiko onenak. Eguraldia lagun, Zaldibian jokatu zen aurreneko jardunaldia. Liga honetatik aterako dira datorren abuztuan jokatu den Europako Txapelketarako selekzioak.

Mutilek 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten. Guztira 22 segalari ziren aritzekoak, baina lehenengo jardunaldi honetan 19 aritu ziren.

Julen Gabirondo izan zen denetan azkarrena. Proba hauetan azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen dira. Azkar ebakitzeak bakarrik ez du balio, txukun ere moztu behar da, bestela zigorrak sartzen dira. Gabirondo II.ak 3 minutu eta 26 segundo behar izan zituen bereak egiteko. Bigarren sailkatu zen Jon Otegi gaztea, eta berak eman zuen ezusterik handiena. 3 minutu eta 35 segundo izan zen bere denbora. Altzok osatu zuen podiuma, 3.40ko denbora eginda.  

Nesketan zazpi ziren izatekoak, baina aurreneko saio honetara sei agertu ziren, eta eurek lehiatu behar izan zuten. Kirolari bakoitzak 35 metro karratuko sail bana moztu behar izan zuen.

Alatzne Etxaburua izan zen maila honetako onena. Bera zen garaipena lortzeko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Lan guztiak burutzeko, minutu eta 24 segundo behar izan zituen. Alaitz Imaz sailkatu zen bigarren postuan, bere lana minutu eta 46 segundoan bukatuta. Podiuma, Ainara Otamendik osatu zuen. Atzoko bere lana minutu eta 51 segundoan burutu zuen.

Gaztetxoak

Gaztetxoek ere izango dute Europako Txapelketa eta eurentzako lehiaketa ere izango da aurtengo Liga honetan, han aritzeko selekzioa egin behar baita. Nesketan Maider Garmendia izan zen onena. Bere lana 2 minutu eta 9 segundoan burutu zuen. Bigarren sailkatu zenari, Angels Bretori, minutu eta 8 segundo atera zizkion. Sei neska aritu ziren. Mutiletan, bost ziren aritzekoak, baina lau neurtu ziren. Arkaitz Gabirondok irabazi zuen. Bere jarduna 2 minutu eta 17 segundoan amaitu zuen. Bigarren Amaiur Arrospide sailkatu zen, irabazlearengandik 11 segundora.