GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizko Udalak ez du argindarra itzuliko Errekaleor auzora

Iragan astean Iberdrolak argindarra eten zuen Errekaleorren, Gasteizko hegoaldean dagoen auzo autogestionatua. Udal Gobernuak atzoko batzordean esan zuenez, ez du argindar zerbitzua berrezarriko, «are gutxiago, hirian bestelako alternatibak badaudenean».


Gasteizko Udalak ez du Errekaleor auzora argindarra itzuliko. Hala adierazi zuen Itziar Gonzalo Hirigintza zinegotziak atzo burututako batzordean. «Ez dugu argiztapen publikoa berrezarriko baldintzak betetzen ez dituen leku batean, are gutxiago, hirian bestelako alternatibak badaudenean», esan zuen, bertan bizi diren lagunek Udal Gobernuak proposatutako alternatibei uko egin dietela gaineratuta.

Errekaleor auzo autogestionatua da eta joan den ostegunean hurbildu ziren bertara Ertzaintza eta Iberdrolako teknikariak. Ertzainek hiru lagun atxilotu zituzten eta enpresako langileek argindar zerbitzua eten zuten. Iberdrolak jakitera eman zuenez, Lakuako Industria Sailetik «arautu gabeko elektrizitate harguneak» desgaitzeko agindua jaso zuen «istripu elektrikoren bat gertatzeko arriskua dagoela-eta».

Alta, Alea.eus webguneak argitaratu zuenez, EH Bildu udal taldeak auzoan berriro argindarra jartzeko eskatu zuen atzo, segurtasuna bermatzearren. Koalizioko zinegotzi Felix Gonzalezek zioenez, ostegunetik argindarrik gabe daude Errekaleorren bizi diren pertsonak eta horrek zenbait arazo sortu ditu, lapurretak, adibidez. Halaber, legearen arabera, Udalak argia mantendu behar duela esan zuen.

Gaurko prentsaurrekoa

Errekaleorren adin guztietako pertsonak bizi dira. Guztira, 150 bizilagun ditu auzoak eta momentu honetan, argindarrik gabe, egoera prekarioan daude.

Gaur agerraldia burutuko dute auzoan. «Prentsaurreko honen bitartez, ostegunean jasandako argi mozketaren harira, Gorka Urtaranek adierazitako argudioak frogekin gezurra direla demostratuko dugu», azpimarratu zuen Errekaleor Bizirik elkarteak.