01 JUN. 2017 Sagardo Eguna Baionan, ekainaren 10ean, Etxepare Lizeoko gastuei aurre egiteko Haritz LARRAÑAGA ZARAUTZ Datorren ikasturtean irekiko den Baionako Etxepare Lizeoko proiektuaren zati bat Akitania Berriko Kontseilu Nagusiak ordaindu arren, ikastetxe berria hornitzeko 300.000 euro behar dira eta gurasoei dagokie hori guztia ordaintzea. Hala abiatu zuten iazko maiatzean “Euskararen sagartzea” kanpaina. Urte baten buruan 150.000 euro bildu dituzte eta «kanpaina oraindik indarrean» dela esan dute Seaskako kideek. Helene Charritton Lizeoko zuzendariaren esanetan, «dolu zen halako egun eder bat gehiago ez egitea», azkenekoz 2010. urtean egin baitzen, eta «orduan ikasle zirenak egun Lizeoko guraso direnez» sagardoaren festa berriz egitea erabaki zuten. Dirua biltzeaz harago, Baionan euskararen presentzia handitu eta arrakasta handia zuen ospakizuna berreskuratu nahi dute antolatzaileek zein lanean arituko diren 150 laguntzaileek. Arratsaldeko seietan hasiko da festa txotx irekierarekin eta gauean Okzitaniako Motives talde ezaguna eta DJ Mat G musikarien emanaldiak izango dira. Sagardo Eguna Hendaian Baionakoa ez da izango datozen egunetan Lapurdin sagardoaz gozatzeko izango den aukera bakarra, Hendaiako Balea elkarteak ere «sagardo eguna berreskuratu» baitu. Hots, ekainaren 18an hamaika sagardotegitako edaria dastatu ahal izango da.