04 AGO. 2017 Gerra Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Nazioaren izpiritua makal dagoenean hura indartzeko gerra aipatzea bezalakorik ez dago. Ez dago zertan inoren kontra gerrarik piztu, nahiz eta hori hobesten duten agintari askok. Gerra film bat egitea nahikoa da. Ahal dela, aspaldiko kontua izan dadila; gatazkan parte harturiko inork bizirik irautekotan, ez dadila masa kritiko handia izan, filmak igorri nahi duen mezua zalantzan jar ez dezaten. Ahots kritiko gutxi batzuek berma dezakete doako publizitatea; gehiengo bat badira, filma lurpera dezakete. Gerraren ankerkeria azal dezala filmak, baita bertan parte hartzen dutenen adorea, haien artean sortzen den elkartasun sentimendu eta adiskidetasuna. Hots, armadaren ardatz den diskurtso homosozial maskulinoa ager dezala, eta hortik abiatuta, gerrara abiaturiko soldadu horien sufrimendua oinarri hartuta, egoera makurrenetan ere nazioak egin dezakeen ongia, haren parte diren horiek bat etorriz gero, azpimarra dezala. Sakrifizio handia izan zen gerrarena. Hainbatek galdu zuten bizia gugatik eta orain ezin diegu bizkarra eman. Haiengatik gara. Baina nortzuk dira haiek? Nortzuk borrokatu ziren gure ongizateagatik Dunkerquen? Christopher Nolanek, eta haren aurretik Stephen Spielbergek, argi daukate: gizon gazte europar zuriak. Hala izan zen, baina? Dunkerquen borrokatu ziren horiek europarrak ote ziren denak? Bost axola kolonietako zenbatek sakrifikatu zuten beren bizia beraiena jazartzen ari zirenen alde.