26 AGO. 2017 Askatasuna Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria House Made of Dawn” (1969), Scott Momadayren nobelako pasarte ezagunenetako batean protagonista, AEBetako Armadan ibili eta gero erreserbara itzultzen den Abel, korrika hasten da lautada lehor batean. Une horrek –ilea solte, inork eta ezerk bere bidea oztopatu gabe korrika ari den Abelena– askatasuna zer den ezin hobeto deskribatzen duela zioen irakasleak. «Estatubatuarrok inork baino hobeto ulertzen dugun sentimendua da, gure kulturaren oinarria baita», gaineratu zuen gelako atzerritar bakarrari begira. Alegia, gainerako kulturek a) ez dakite zer den askatasuna b) ez dute oinarrizkotzat jotzen d) ez dute askatasunik gozatzen. Askatasuna, ordea, ez da bere kabuz existitzen den zerbait, irakasleak sinetsarazi nahi zigun bezala (estatubatuarrak berez dira aske, konstituzioak hala adierazten duelako). Zerbaitekin edo norbaitekin dugun harremanaren arabera neurtzen da. Askatasuna ezin da erabat ulertu mugarik aintzat hartu gabe. Zerekiko eta norekiko dira estatubatuarrak aske? Hala ote dira zinez? Ez da irudimen handirik behar AEBetako egungo presidenteak zein supremazista zuri kuadrillak galdera biei emango lieketen erantzuna asmatzeko. Akaso askatasunaren gainean lezio bat eman nahi izan zigun irakasleari (eta bidez batez presidenteari zein supremazistei) gogorarazi beharko liokete Momadayren nobelan askatasunaz mintzo zaigun pertsonaia indiar amerikarra dela, egilea bera bezala.