12 NOV. 2017 Itsasaldi sinbologikoa Balea Zuria argitaletxearen estreinako poesia liburua da Luis Garderen «Barbaroak baratzean», sinbolismoen bide bazterretatik gizarte identitate eta nolakotasunaren xerka osatutako poema sorta. Metafora bidaiari bat, itsasaldi bat narratibaren denboran sortutako etete batetik gogoeta poetikoetara zeharkatzen dituen ozeanoko uretan. Ariane KAMIO DONOSTIA Itsasaldi bat hasteko aukera eman zion Luis Garderi (Iruñea, 1961) Balea Zuria sortu berri den argitaletxeak abiatze punturako egin zion argitalpen proposamenak. «Banuen liburu hau idazteko ideia, testu txiki batzuk ere bai. Deitu zidatenean oso agudo esan nien baietz. Onartzeko erronka bat zen eta buru-belarri hasi nintzen lanean». Aurrez egindako lanak baino sinbolistagoa dela deritzo Gardek “Barbaroak baratzean”, poesia narratiboan eraikitako sorkuntza berria, bilduma osoan egoera soziopolitikoari erreferentziak eskaintzen dizkiona. 2015ean argitaratu zuen bere azken lana Luis Gardek, “Ehiztariaren isilaldia” (Pamiela) narrazioa, Euskadi Literatura saria jaso zuena. Oraingoan, baina, sinbolismoaren eremua jorratzeko beharrari erantzun dio. «Azken urteetan narratiba landu izan dut eta ez nuen hain beharrezko ikusten molde horretan jarraitzea». Bere itsasaldi poetiko berri horretan, harresietara hurreratu da Garde. «Gure gizartearen metafora biziena da, handituz doana. Gure gizartea harresituz doa». Murruaren esanahia bere fisikoan eta aspektu metaforikoan garatu du idazle nafarrak. «Harresia izan daiteke fisikoa, etorkinek gurutzatzen duten hesi hori. Besteetan harresia izan daiteke gure identitatea, gure baratzea. Identitate harresitu baten garaian gaude». Gardek pentsamendu binario batean egin du liburuaren oinarria. Baratze barrukoak eta kanpokoak, barbaroak, bereiziz. «Nirekin ados bazaude gutar bat zara, bestela, barbaro bat». Eta bota zuen galdera: «Nortzuk dira barbaroak? Bada, gure atea joka dagoen etorkin hori, edo ni bezala pentsatzen ez duen edonor. Nire identitate harresitu hori partekatzen ez duen pertsona». Bere iritziz, «gizarte sofistikatua» da ustez gaur egungoa, «baina bitasun hori edo manikeismo hori gero eta nabarmenagoa da». Bidaiaren metaforari ere heldu dio, izan herrialde batetik besterako bidea egiten dutenena –«alegiazko paradisu bateranzko bidaia»– izan norberaren barne bidaia. «Baina zer galtzen du barbaro edo nomada horrek bidaia horretan?». Bere gurasoen bizipenak ekarri zituen gogora. «Haiek, Nafarroako herrietan jaioak izanik, Iruñeko bidea hartu zutenean ohiturak, kultura galdu zituzten, baita hizkuntza bera ere». Hasi berritan Euskal literaturaren alorrean argitaletxe berri batek argia ikusi du oraintsu. Balea Zuria –“Moby Dick”-en unibertsoari erreferentzia egiten diona– lau idazlek egindako apustua da. Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxotekok osatzen dute argitaletxearen motorra, Imanol Larrinaga marrazkilari durangarraren laguntzarekin –bereak dira Garderen “Barbaroak baratzean” liburuko azala eta kontra–. Euskal letretan leku bat egitearen helburuz jaio da argitaletxe berria eta euskarazko poesia sail bat osatzea izango du helburuen artean. Nahiz eta ez den izango hori argitaratuko duen genero bakarra; saiakera literario edo poetikoko lanak argitaratzea ere izango du xedeen artean. Hasierako pausoa eman dute dagoeneko Luis Garderen lanarekin, eta 2017rako ez dute besterik aurreikusten. Dagoeneko, baina, 2018ko uztarekin ari dira lanean. Urtero bizpahiru liburu argitaratzeko langa ezarri dute helburuen artean. Lakuako Gobernuak ediziorako ematen dituen diru-laguntzetara ere iritsi nahi dute, baina aurretik gutxienez sei lanetako bildu osatu beharko dute eskakizuna egin ahal izateko. Euskal literaturan azken urteetan izandako kontsumo aldaketen jakitun, haien apustuarekin aurrera egitea erabaki dute lau idazleek, hamar urtean poesia eta pentsamendua uztartzen zituen jardunaldiak antolatzen aritu ostean. «Hau beste koxka bat da», nabarmendu zuen Aritz Gorrotxategik.