04 DIC. 2017 APUSTUA Arria hasieratik nagusitu da Errezildarrak lehen enborrean 20 segundo pasa kendu zizkion Zalduari, eta gero saioa ongi kudeatu zuen. Jon LEUNDA Arria V.ak aise irabazi zuen atzo eguerdian Azpeitiko zezen-plazan Zalduaren aurka jokatu zuen apustua. Kirolari bakoitzak 10 kana-erdiko ebaki eta ondoren korrikan 10 kilometro egin behar izan zituen. Enborrak Zalduak plazaratuak izan ziren, eta alde bakoitzak 4.000 euro jokatzen zituen dirutan. 600 ikusle inguru izan ziren neurketa hau ikusten, eta eguraldiak eskaintzen zituen baldintzak kontuan hartua, sarrera oso ona izan zela onartu behar da. Dirua hasieran Arriaren alde atera zen oso nabarmen, eta behin apustua hasi eta errezildarrak aldea kendu zionean, ez zen gehiago jokatu. Astean zehar bai Arriak eta bai Zalduak ere apustua korrikako saioan erabakiko zela esaten zuten, aizkorakoan ez zela alderik egongo, baina neurketa aizkoran geratu zen erabakita, eta aurreneko enborretan ere izan zela esan daiteke, errezildarrak alde handia kendu baitzion estreinako kana-erdikoetan. Lehen kana-erdikoan 23 segundoko abantaila hartu zuen Arriak, eta bigarren enborrean, berriz, zulo hori 52 segundokoa izatera pasatu zen. Ondorioz, garbi zegoen Zalduak azkar erreakzionatzen ez baldin bazuen, apustua irabaztea oso zaila izango zuela, eta horixe gertatu zen. Izan ere, lan erdietako erreferentzian, Arriak lehen zeukan alde hori handitu egin zuen eta lan erdietan 55 segundoko abantaila zeukan kirolari errezildarrak. Aizkorako lanaren beste erdia geratzen zen, baina Zalduak ezin izan zuen erreakzionatu, eta Arriak, berriz, aldeak handitu egin zituen. Aizkorako lanak amaitu zituztenean, Arriak bi minutu eta sei segundoko aldea kentzen zion Zalduari. Ordurako denek apustua erabakita ikusten zuten. Arriak zeukan aldeari eustea nahikoa zuen garaipea lortzeko, baina errezildarrak korrikako saioan ere abantaila handitzen jarraitu zuen, eta amaieran hiru minututik gorako aldea kendu zion. Zaleek emozioa nahi izaten dute honelako neurketetan, baina atzokoan ez zen horrelakorik izan. Arria, bai aizkoran eta bai korrikan ere, gehiago izan zen, eta lehen enborretik hasi eta azkeneko metroraino kontrolpean izan zuen saioa. Zalduak, berriz, inoiz ezin izan zion errezildarrari aurre egin. Zumarragakoak orain atzokoa ahalik eta azkarren ahaztu beharko du, hilaren amaieran beste apustu bat jokatu beharko baitu, eta hura Etxeberria II.aren aurka izango du. Enborrez enbor, eta kilometroz kilometro, aizkoran hasita, hauek izan ziren Arriaren denborak: 1.21, 3.10, 5.29, 8.15, 10.35, 13.21, 15.37, 17.56, 20.10, 22.34, 27.30, 31.10, 35.16, 39.31, 43.49, 45.06, 52.19, 56.38, 1.00.28 eta 1.04.23. Xabier Zalduarenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.43, 4.03, 6.32, 9.13, 11.30, 14.26, 17.14, 19.58, 22.26, 25.16, 29.30, 33.42, 38.42, 46.53, 50.50, 55.07, 59.23 eta 1.08.04. Amaieran Arria oso gustura agertu zen egindako lanarekin. «Hasieratik hartu dut abantaila, eta hortik aurrera neure buruarekin konfiantza osoa izan dut, eta horrek berak ere asko lagundu dit». SARRERA OSO ONAAtzo goizeko eguraldiak ez zuen laguntzen kanpoko jarduera baterako, baina hala ere, Azpeitiko zezen-plazako harmailetan 600 ikusle inguru batu ziren. Baldintzak kontuan hartuta, oso sarrera ona izan zen.