GARA Euskal Herriko egunkaria
REALA

Iñigo Martinez osatu da eta taldearekin entrenatzeari ekin dio Zubietan


Urte amaierako atsedenak jokalarien arazo fisikoak gainditzeko balioko zuela pentsatu arren, 2018ko hasiera ez da positiboegia izan Realean zentzu horretan. Adnan Januzaj belgikarra min hartuta itzuli zen Zubietara eta Iñigo Martinez gaixo ibili da amigdalitis batek jota.

Zorionez, atzoko albiste onena atzelari ondarroarra jada osatuta dagoela jakitea izan zen. Entrenamendua, behintzat, beste taldekide guztiekin batera egin zuen eta pentsa daiteke igandean Leganesen aurka jokatzeko moduan izango dela Eusebiok –gaur eskainiko du bere ohiko prentsaurrekoa– hala erabakitzen badu.

Januzajek, aldiz, bere kasa jarraitzen du lanean eta badirudi ez dela Butarquen jokatzeko moduan izango. Zoritxarreko albistea litzateke, izan ere, sasoi oso onean zegoen Manchester United taldetik etorritako jokalaria, eta Carlos Vela ere jada ez dagoela kontuan hartuta, erasoko postuetan aldaketak egin beharko ditu derrigor entrenatzaile gaztelarrak.

Atzealdean ere badaude min hartutako jokalariak: De la Bella eta Carlos Martinez bakarka entrenatu ziren atzo, esaterako. Baina Kevin Rodrigues portugaldarra jokatzeko moduan izanda, hutsune horiek ez dute buruhauste handirik suposatuko.