27 ENE. 2018 Sekretua Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria The Moral Philosopher and the Moral Life” (1891) saioan William James (New York, 1842-Tamworth, New Hampshire, 1910) psikologo eta filosofoak ondokoa planteatzen digu: «Fourier, Bellamy eta Morris jaunen utopiak gaindituko lituzkeen gizarte-eredua eskainiko baligute, hots, milioika lagun behin betiko zoriontsu izatea baldintza bakar batekin –arima galdu bat erabateko torturapean bizi beharko litzateke–, eskainitako zoriontasunaren aldeko jarrera nagusituko balitz ere, zenbateraino izango litzateke hura onargarri jakinda bidegabekeria batean oinarrituta dagoela?». Galderari heltzen dio zendu berri den Ursula K. Le Guinen “The Ones Who Walk Away from Omelas” (1973) ipuinak. Azkenaldian maiz gogoratu naiz harekin. Hiri oparoa eta arrakastatsua da Omelas, eta biztanleak oparotasun eta arrakasta horren onuradun dira. Sekretu ilun bat dago, baina, omeslatarren bizimodu zoriontsuaren atzean: ume bat gela txiki eta ilun batean giltzapetuta dute. Bizirik jarraitzeko gutxienekoa ematen diote jateko eta edateko. Herritarrek debekatuta dute harekin inolako harremanik izatea. Haurraren sufrimendua beren arazoa ez balitz bezala jokatu behar dute. Omelaseko herritarrak ez dira gupidagabeak; aitzitik, gehiengoaren ongizatearen alde edozer egiteko prest daude. Tarteka, ordea, herritar gutxi batzuek, gazte zein adineko, “sekretua” arrazoitzeko ezgai izanik, hiritik alde egiten dute isilean. Inork ez daki nora doazen.