30 ENE. 2018 Marta Zelaiarekin abiatu da Barriek 2018 programa Bizkaiko Aldundiaren bekak jaso izan dituzten artisten sorkuntzekin hornituko ditu bere baitan egingo diren erakusketak Barriek 2018 programak. Aurten 80ko hamarkadan bekadun izan zen Marta Zelaiaren obra berreskuratu dute. Haren lanak dira lehenak erakusten. GARA BILBO Marta Zelaia sortzaile urduliztarrak Bilboko Rekalde aretoan inauguratu duen “Sokatira” erakusketarekin abiatu da Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Barriek 2018 programa. Foru erakundearen sorkuntza artistikorako bekak lortu dituzten artisten lan aukeratuekin urtero aurkezten den programa da Barriek. Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak aurkeztu zuen orain egun batzuk Barriek 2018 egitasmoa, Rekalde aretoan bertan, aurten parte hartuko duten sei artistekin batera: Marta Zelaia, Raisa Alava, Jon Ander Garcia, Saray Perez, Iratxe Yanez eta Ander Sagastiberri. Bilbaok azaldu zuen Barriek berritasun batekin datorrela 2018ko edizioan, programak artista bat «berreskuratu» baitu: Marta Zelaia. Urdulizen jaiotako artistak 1987 eta 1988 bitartean jaso zuen Bizkaiko Aldundiaren beka, eta orain bekadun gazteekin batera partekatuko du programa. «Horrela, aurretik Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso zuen sormen talentua berreskuratu gura dugu, ikusi zer lan egiten duten gaur egun eta aukera eskaini lan horiek jendaurrean ikusarazteko», gaineratu zuen. Horrela, Barriek 2018 programa Marta Zelaiaren (Urduliz, 1962) erakusketarekin abiatu da. Baina haren atzetik hainbat artistak ikusaraziko dituzte beren sorkuntzak Bizkaiko hiriburuan. Raisa Alava bilbotarrak (martxoaren 20tik maiatzaren 20ra), Jon Ander Garcia santurtziarrak (maiatzaren 22tik uztailaren 8ra), Saray Perez burgostarrak (uztailaren 10etik irailaren 2ra), Ander Sagastiberri bilbotarrak (irailaren 4tik azaroaren 4ra) eta Iratxe Yanez barakaldarrak (azaroaren 6tik urtarrilaren 5era) erakutsiko dituzte beren lanak, Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan. Gainera, jarduera osagarriak egingo dira artisten parte hartzearekin, hala nola artistaren ezagutza pertsonala bideratuko duten tailerrak eta jendeari sortzaileen lanen gakoak eta interesa erakusteko topaketak.