GARA Euskal Herriko egunkaria

Ez dugu baimenik behar


Halaxe da. Arraroa eta lotsagabea iruditzen bazaizue ere, ez dugu baimenik behar eta ez dizuegu inolaz ere eskatuko. Ez dugu baimenik eskatu behar nahi dugun tokian, esparruan edo testuinguruan bisibilizatzeko. Ez dugu zuen baimenik behar edozein egoeratan gure lelo eta diskurtso feministekin agertzeko. Eta ez dugu baimenik eskatuko, zuek eremu publiko dena maskulinizatzeko baimenik eskatu izan ez diguzuen moduan, gu guztion gainetik pasa izan bazarete ere. Ez dugu baimenik eskatuko, zuek gure jarduera eremu pribatura mugatzeko iritzirik eskatu ez diguzuen moduan.

Goya sarien banaketa galan bizi izan ziren aldarrikapen feministek, batzuontzat light samarrak izan baziren ere, hautsak harrotu dituzte nonahi eta sarri horrelako ospakizunetan entzundako kritikak jaso dituzte hitza hartu zuten emakumeek, zinema baliatuz, zer eta soldata berdintasuna eta emakume gehiagoren bisibilitatea eskatu dutelako besteak beste. Hau ausardia!

Feminismoa datekeen mugimendurik iraultzaileena da uneotan, sistemaren katarsia eragitera datorrelako eta horrek zuontzako dakarren pribilegioen galerak asaldatzen zaituzte. Zuon heteropatriarkatuak irentsitako espazioak berreskuratzera gatoz eta ez dugu baimenik eskatuko, ez ospakizun batean, ez futbol zelai batean, ez eta hedabide batean ere.