10 FEB. 2018 Ohiturak Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Lagun bat eta biok barrezka ari ginen ez oso aspaldi oso euskal herritarrena den ohitura baten harira: ezezagunekin serio, fidakaitz jokatzeko ohitura. Atzerrian bizi gara biok, eta aipatu gaiari heldu aurretik heldu berritan ezezagunen adeitasun keinuak zeinen arrotz egiten zitzaizkigun komentatzen ari ginen. Hain arrotz, ezen ezeroso ere sentiarazten baikintuzten. «Zergatik agurtzen naute, ez badakite nor naizen?», galdetzen genion geure buruari, geure jarreratzat jotzen ez genuen hori zerbait txarra, zentsuragarria balitz bezala. Lagunarentzat eta biontzat normala zena goizean autobusera igo eta gidariak garrasi batean guri azkar igotzeko agintzea zen, ez irribarre zabal batekin «egun on! Zer moduz zaude?» batekin zuzentzea. (Saiatu nintzen behin, esperimentu gisa, Bilbotik Donostiara doan Pesa-ko autobus gidariari egun onak ematen; sekulakoa bota zidan ilara sortzen ari omen nintzela eta). Lagunak aitortu ere egin zidan hasiera batean irribarre eta agur horien atzean interes perbertsoren bat zegoela pentsatzera iritsi zela, berak abegikortasun bera agertuz gero, pertsona irekia zela sumatuko zutela eta horri etekina ateratzen saiatuko zirela. Denborarekin, ordea, ohitura besterik ez zela konturatu zen, zona batetik bestera adeitsuagoa izan zitekeela («egun on, zer moduz?» soiletik «egun on bihotza, zer moduz zabiltza gaur? Baina zeinen eder zauden gaur, espero dut eguraldi onak luzaro irautea, espero dut eguna ezin hobeto joatea» landuagora), baina ohitura bat besterik ez zela.