GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Zazpigarrena ere batu dute Olaizola II.ak eta Imazek

Hasieratik amaierara oso sendo jokatuta, 22-14 menderatu dituzte Irribarria eta Jaunarena.


OLAIZOLA II.A-IMAZ 22

IRRIBARRIA-JAUNARENA 14


Aimar Olaizolak eta Ander Imazek garaipen oso garrantzitsua lortu zuten Labriten, 22-14, Iker Irribarriaren eta Jon Jaunarenaren kontra. Zazpigarren puntua da Asegarcekoentzat eta finalerdiak jokatzeko txartela gero eta gertuago dute, ligaxka amaitzeko oraindik bi jardunaldi falta baitira. Aspekoak, ordea, ia batere aukerarik gabe gelditu dira, lau puntu bakarrik baitituzte.

Hasieratik oso indartsu irten zen bikote gorria, eta konturatzerako 4-0 aurreratu ziren markagailuan. Azken asteetako irudi onari jarraipena emanez, Aimar Olaizolak sekulako partida jokatu zuen –jokoan 11 tanto egin zituen eta 3 pilota bakarrik galdu, defentsan ere erakustaldia emanez– eta Ander Imazek ederki lagundu zion atzean, oso pilota gutxi galduz –2 bakarrik–.

Urdinek egin zuten neurketan sartzeko saiakera, eta 8-7 inguratu ziren markagailuan. Jaunarena oso txukun jardun zen hasieratik amaierara –19-13an galdu zuen lehen pilota, galdu zuen bakarra–, baina Irribarriak ezin izan zion behar bezala lagundu. Aramako aurrelariak tanto batzuk egin zituen –7 denera jokoan, eta beste 2 sakez–, baina galdu ere gehiegi –beste 7–. Horregatik, markagailua parekatzen zen bakoitzean gorriek ihes egin zuten berriro: 8-7tik 13-7ra eta 13-10etik 16-10era.

Tanto ikusgarriak

«Puntua oso garrantzitsua da guretzat», nabarmendu zuen Olaizolak partida amaieran, joko puntu gozoan dagoela onartuz: «Aspalditxoan oso gustura nabil, txisparekin. Hankan izan nituen arazoak ahaztu dira eta pilotari bat konfiantzaz dabilenean kantxan ikusi egiten da hori. Buruak zeresan handia izaten du», gaineratu zuen.

Horren erakusgarri izan ziren txalo gehien jaso zituzten tantoetako batzuk: 5-2an ederki zabaldu zuen pilota zaila, 9-7koa egiteko gantxoz Irribarriaren sakeari eman zion erantzuna edota 15-10ean Irribarria txokoan harrapatu eta zabalean sartu zion jokaldi aparta.

Erabat bestelakoa zen Irribarriaren aldartea neurketa amaitu berritan. «Partida kaxkarra egin dugu. Pilota halakoa izaten da, egun batzuetan hobeto ateratzen dira gauzak eta beste batzuetan okerrago. Aimarrek sekulako neurketa egin du, Jon ere oso ondo egon da, baina nik ez dut batere jokatu», onartu zuen Aramako aurrelariak.

Hala ere, onartu beharra dago atzo ere tanto ederrak eskaini zituela gipuzkoarrak. Urdinen aurrenekoa gantxoz eta azkena errebotera argi-argi jo zuen pilota batekin, esaterako, bikainak izan ziren, baina egindako hutsak, eta huts horiek une erabakigarrietan egin izana oso garesti ordaindu zuten.

Promozio maila

Jaialdia Promozio mailako Binakakoaren partidarekin hasi zen, eta hor Dario-Irustak 22-17 menderatu zituzten Bakaikoa eta Etchegoin, finalerdietarako urrats handia emanez. Urdinak 10-15 aurretik joan ziren arren, gorriek buelta eman zioten partidari bigarren zatian.

Partida arraroa gaur Tafallan

Sailkapenerako beste partida oso garrantzitsu bat jokatuko da gaur Tafallako Ereta pilotalekuan (jaialdia 17.00etatik aurrera, ETB1n), baina neurketa arraroa izango da, nolabait esan. Izan ere, Mikel Urrutikoetxea eta Ladis Galarza oraindik titulartzat dituen bikotearen etorkizuna Iñaki Artolaren eta Ibai Zabalaren eskuetan utzi du Asegarcek. Urrutikoetxearen hutsunea ulergarria da, eskuetako arazoak direla-eta, baina arrazoi teknikoak argudiatuta Alvaro Untoria kendu eta Zabala sartzea –orain aste batzuk justu kontrakoa egin ostean– ez da horren ulergarria pilotazalearentzat.

Horiek horrela, aukera aparta dute gaur Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak zazpigarren garaipena lortu eta finalerdietara hurbiltzeko. Jardunaldi askotan konfiantza gutxirekin ibili badira ere, nabarmen gora egin dezakeen bikotea da Aspekoa. Artola eta Zabala, bestalde, maila ona eman eta Asegarceri arnasa apur bat ematen saiatuko dira.A.A.