GARA Euskal Herriko egunkaria

Ama hil da (II)


Eta banketxera joan behar dut bihar goizean, atzeratutako ordainketa bat egitera. Asesoreak hots egin dit gaur goizean: non zabiltza, Garro jauna? Aspaldi ez dut zure berririk. Ama? Oi, sentitzen dut. Baina bihar goizean beranduenez joan behar zenuke bankura. Han ez dira errukitzen. Badakizu. Ez dago umezurtzen aldeko salbuespenik. Atzerapenak ugaritu zaizkit ama hilez geroztik, fakturak «beste aldetik» iristen ariko balitzaizkit bezala. Zentzu metaforiko bat aurkitu nahi nioke horren prosaikoa dirudien tema administratibo honi guztiari: ama hil da baina bizitzak aurrera darrai. Ez edozein bizitza, ojo: bizitza administratiboa, bulegoak, gutunak, zenbaki zerrenda amaigabeak. Zer moduz galdetzen didate behin eta berriz, baina nik dagoeneko ez dakit ondo edo gaizki ote nagoen, nire karpeta besapean daramadala, ezin iritsi, ezin nire hamaika demandanteak asebete. Mundu honetan nahi nituzkeen gauzen zerrenda egin dut, eta alboan nahi ez nituzkeenak jarri ditut: nahi ez nituzkeenak bakarrik ikusten ditut inguruan. Eta amarik ez. Zergatik joan zara, ama, lur honetan bankeroak utzita? Ama hil da, horra. Sinplea da. Baina ez ezazu malkoak sikatzen denbora gehiegi gal, ekonomia bizkortzea denon zeregina da. Zeurea ere bai. Negar egingo duzu igandean: jai eguna da. Bitartean, banketxeak irekita daude. Eta zu, berandu zabiltza.