GARA Euskal Herriko egunkaria

Bizhiri, bizikletak salbu


Bizikleta hiria da Donostia. Garraio osasungarria, arina eta natura errespetatzen duena. Erraza da auzo batetik bestera mugitzea eta, maiz, autobusa edo autoa hartuz baino lehenago heltzen zara lekuetara.

Bizikleta hiria da Donostia, euria, zein eguzkia egin, lanera eta eskolara joateko, egunero-egunero. Gorriak, berdeak, beltzak… mendian ibiltzekoak, lasterketak egitekoak edo vintage kutsua dutenak. Lau gurpildunak, saskidunak edo gabeak. Berriak edo zaharrak, donostiarrek oso kuttuna dute beren bizikleta. Tamalez, baina, maiz gertatzen dira hauen lapurretak. Mundu guztia madarikatu eta salaketa jarri, agertuko den itxaropenaz; zer erremedio?

Lapurrei gauzak zailtzearren, Udalak, Ceit-Ik4 eta Luma enpresekin batera, proiektu aitzindaria abiatu du: bluetooth teknologiaz hornitutako giltzarrapo finko bat asmatu dute. Bizikleta sisteman erregistratuta geratzen da sakelakoaren aplikazio baten bidez eta GPS lokalizazio bidez, non dagoen jakin ahal izango da.

Parte hartzeko, hilaren 31ra arte, bizhiri.luma.es loturan izena eman beharra dago. Doakoa da eta ez da giltzarrapoa itzuli beharko. Donostia.eus orrian informazio osoa dago.