06 ABR. 2018 Apirila ona? Pello ZABALA Eguraldian aditua Hilabete bakoitza, eta hilabete denak, hamabiak, dira baserri giroan gogoan jasoak eta denak seinalatuak. Nola ez, bada? Haietxen giro-martxan eratu behar zuten soro eta landetako jarduna eta etorkizuna… nola bestela? Gaur bestela samarrean bizi bagara ere, esaera zaharren oihartzuna beti pizten da baserriko sukaldean, eta halatsu, hangoxe giro atseginean hazi eta hezi ginenongan ere. Dozenaka ditu esaera zaharrak apirilak; deigarriena, agian, bertso kutsuz erantsitako «firili-faralla» horrena: «Apirilla firili-faralla, jarri behar ez zen hilla». Udaberria epel eta giro beroxken zain, hala ohi da baserri ingurutik, baina, nahi baino sarriagotan, erdi nahas, «ez negu eta ez uda», zehazten hain erraza ez den «firili-faralla» horren koadroa, inondik ere. Bestetan, halaxe ohi du urte batzuetan eta negua markatu samarra edo markatuxea izan denean, zeru garbiagoetara jo ohi du eta, artean ere egunak luzatzen doazelako, zeru argien izotzak dakarkiote nahiko kastigu: martxoak elurra, apirilak izotza. Edo beste kontraste ezagun eta nabarmena: euri eta ixurkiñena, alegia: martxo lehorra, apiril bustia. Bai. Gaur egun telebistako albiste saioek eta beste kirol ikuskizunek-eta zeresanik ematen badigute ere, eguraldien eta giroen gorabehera izan dugu iruzkin gehien bildu izan duena. “Zozomikoteak”, adibidez, zein sukaldetan ez ziren komentatzen? Artzaiaren gorabehera haiek hain ziren gustu garbiz gogoratzekoak! Bai, apirilaren ohikoa zen dantza eta balantza, kaletik hain koskatsua ez bada ere, baserriko lanetik zain eta aiduru beti ikusten zen ero samar eta dantzariegi; «apiril onik ikusi nahi duenak, ehun urte bizi beharko du», zioten Gaztela aldean. Bai, artzaia sentibera izan da martxo-apiril sasoiko egunekin: arratseko eguzki orduak gero eta luzexeagoak, eta halakoxe ilusio pozgarria eransten baitio aste bakoitzak giroari, argia denean, batik bat. Arratseko argiari begiratzen diogu gehien: ordu aldaketak hartara garamatza, iñularreko bederatzietan zazpiak ditugunean, nola ez… Baina, sasoi honetan gehixeago luzatzen da eguna goizetik. Arratsetik eguneko minututxo bat irabazten da eta goizetik eguneko ia bi minutu lehenago argitzen du eguna. Eta baserriko akordutan, hortxe dut, goizean goiz sagastiko malkartxoetan gure aitak biltzen zituen xixa xuri pottoloak. Haietxek bai ikustekoak, usaintzekoak, ikutu eta ferekatzekoak… Ongi utzi zigun Uztapide handiak: «Apirilean ziza zuriak jaiotzen dira aurrena.