01 MAY. 2018 Zuzentasuna Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Kontu zaharrak kontatzen aritzean beti zalantza eta kezka dator burura, tradiziotik heldu zaizkigun ipuinak egokiak ote diren garaiotarako. Hain modan dagoen “politikoki zuzen” izan behar ote garen kezka. Ipuin tradizionalak asko kritikatu izan dira bere baitan duten moral eta harreman ereduagatik, emakumeek jokatzen duten paperagatik, boteretsuen goraipamenagatik, eta antzeko argudioak baliatuta. Maiz eztabaidatu izan dut honen gainean, eta maiz ohartu naiz herri ipuinen gainean dagoen ezjakintasunaz. Kritikarako erabili ohi diren ipuin ereduak hiruzpalau dira eta, normalean, Disney faktoriak egindako bertsioak. Horrek ezinbestez baldintzatuko du istorio tradizionalen gaineko iritzia. Kontakizun tradizionalen mundua askotarikoa eta zabala da. Komunitate humano guztietan kontatu dira eta kontatzen dira ipuinak, kezka eta gogoetak islatzen dira, jendarte horren garaian garaiko bizimoduaren erakusle izanik. Ipuinok, idatziz baino, ahoz aho pasa izan dira belaunaldiz belaunaldi; alegia, ipuina bezain garrantzitsua da kontalaria. Eta hemen dago gakoa; izan ere, kontalariaren aldetik etorriko da ipuinari eman nahi zaion arrazoia, kontalaria da istorioaz gain bizi duen jendarteaz gogoeta egin beharko duena, eta horrek emango dio ipuinari dagokion arrazoia. Kontu zaharrak politikoki zuzenak diren edo ez ez da ipuinen arazoa, kontalariarena baizik. Eta zuzentasuna dugu sormenaren etsairik handiena.