23 MAY. 2018 Kirmen Uriberen gaineko ikastaroa izango da aurten EHUko Udako Ikastaroen artean GARA DONOSTIA Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Donostiako Miramar jauregian urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen artean “Kirmen Uribe, bizitza, fikzioa” izeneko bat izango da uztailaren 2 eta 3an, Mari Jose Olaziregi Euskal Literaturako irakaslearen zuzendaritzapean. Ikastaro horretan, idazle ondarroarraren argitalpen eta bestelako lanen gainean arituko dira Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat literatur aditu. Euskal Herrikoen artean, Mari Jose Olaziregi bera, Jon Kortazar, Lurdes Otaegi, Leyre Arrieta, Hasier Arraiz eta Estibalitz Ezkerra izango dira saioan parte hartuko dutenak, besteren artean. Atzerritarren artean, Ameriketako Estatu Batuetatik etorriko dira Sally Perret eta Luis Martin-Estudillo. Dokufikzioan aditua den Jose Martinez Rubio irakaslea ere izango da eta itzultzaileak ere bertaratuko dira Uriberen lanen nazioartekotzeaz jarduteko, ondarroarraren liburuak ingelesera (Elizabeth Macklin), frantsesera (Edurne Alegria), japonierara (Nami Kaneko) eta galegora (Isaac Xubin) itzuli dituztenak, hain zuzen. Azkenik, zuzeneko emanaldia ere egingo dute Miramarreko lorategian aspaldian elkarrekin aritu ez diren Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Kirmen Uribek berak, “Zaharregia txikiegia agian” eta “Jainko txiki eta jostalari hura” egitasmoetan elkarrekin ibiliak. Izen-ematea zabalik Matrikulatzeko epea zabalik dago jada, honako helbidean: www.uik.eus/eu/kirmen-uribe-bizitza-fikzioa. Matrikula bi eratan, online edo inprimakia bidalita, egin daiteke.