05 JUL. 2018 Elorrio, munduko musiken eta antzerkien topaleku Musikaire jaialdiak nazioarteko musika eta arte eszenikoak ekarriko ditu beste urte batez Elorriora. Morgan madrildarrak, Travellin’ Brothers euskal herritarrak eta The Souljazz Orchestra kanadarra dira, besteak beste, egitarauko aipagarrienak. Bihar hasiko da. GARA ELORRIO Urtez urte askotariko eskaintza ekartzen du Elorrioko Musikaire musika eta arte eszenikoen jaialdiak. Aurten ere munduko musika eta antzerki eskaintza desberdinen topaleku izaten jarraituko du eta horretarako uztailean zehar gauzatuko den egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Hala, bihar abiatuko da Musikaire jaialdia, Elorrioko Lariz jauregian. Juan Ortiz Tokyo Quartetek ekingo dio hiru asteko egitarauari. Larunbatean, Morgan talde madrildarra hurbilduko da Larizera. Igandean Borja Ytuquepintasek harearekin artea egingo du, hondar finenetik amets ikusgarrienak sortzeraino. Bigarren asteburuan Elorrioko plaza izango da protagonista. Uztailaren 13an Kataluniako Camtu Band-ek umorea, sorpresa eta elkarreragina izango ditu helburu, dantza, musika eta koreografia baliatuta. Biharamunean Sinfonity iritsiko da herriko plazara. Musika klasikoa, gitarra elektrikoekin. Asteburua bukatzeko, igande arratsaldez, dantza garaikide erakustaldia eskainiko dute plazan Euskal Herriko Lasala, Kataluniako Moveo eta Galiziako La Macana konpainiek. Uztailaren 20an, plazan jarraituko du Musikairek. Yllana eta Primitial Bros konpainiak elkartuta, a capella musikal dibertigarria eskainiko dute. Biharamunean, The Souljazz Orchestra talde kanadarra helduko da Elorriora. Asteburua amaitzeko, berriz, La Frandularen “Tribulaciones de un gigolo”, El Mono Habitadoren “Benditas” eta Anodino konpainiaren “El Gato de Schrodinger” mikroantzerki emanaldiak eskainiko dira. Travellin’ Brothers Musikaireren azken asteburua Tola jauregiko lorategietan izango da. Uztailaren 27an Travellin’ Brothers talde euskaldunak zabalduko du asteburuko eskaintza. Larunbatean, berriz, Tosta Bandaren, kultur aniztasuna oinarri duen orkestraren, txanda izango da, Eskozia, Galizia, Frisia, Gales, Kornualles, Euskal Herri eta Irlandako musikariez osatuta. Musikaireren aurtengo edizioa Elorrion bizi den Enekora artistak itxiko du uztailaren 29an.