21 JUL. 2018 Sega Euskal Herriko lehiako kanporaketa, bihar Aian GARA Gipuzkoako Sega Txapelketako finala oraintsu jokatu da eta Euskal Herrikoak hartuko dio txanda. Gauzak garbi esateko, azken honetan segalari bat bakarra sartzen da, Eneko Bilbao bizkaitarra; beste guztiak Gipuzkoako Txapelketan parte hartu dutenak dira. Bihar, 11.30ean Aiako Andatza auzoan, Aristerrazuko belardian, lehen saioan A multzokoak izango dira. 30 minutuko lana, finalerako txartela jasotzeko aukera. Partaideak Julen Gabirondo, Eneko Bilbao, Andoni Goikoetxea, Iban Pardo, Iñigo Merkader eta Jon Otegi izango dira. Aurreneko biak finalera pasatuko dira. B Multzokoek 12.30ean izango dute txanda eta hauek arituko dira: Jokin Etxeberria, Igor Esnaola, Jesus Mari Hormaetxea “Urki”, Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena. Hemendik ere bi aurrenak izango dira finalerako txartela jasoko dutenak. Ikusten denez, Gipuzkoako Txapelketaren errepikapena dela esan genezake. Finala Asteasun jokatuko da, datorren abuztuaren 5ean. Laukizen sokatira finala Gaur, 17.30ean, Laukizen jokatuko da 560 kiloko lur gaineko sokatirako azken jardunaldia. Orain arte, bi aurrekoetan neurketa biziak izan dira; lehenbizikoan berdinduta gelditu ziren Gaztedi A eta Goiherri A, baina bigarren ekitaldian Laukizko Gaztedi A izan zen garailea tiraldi guztiak irabazita. Oraingoan, bien arteko indarrak paretsu daudenez, sokatira saio bikaina ikusteko aukera izango da. Parte hartuko dutenak, aipatu bi talde horiez gain, Gaztedi B, Goiherri B, Akelarre, Getxo, Gaztedi C eta Goiherri B dira.