18 SET. 2018 Komunismoa Joxemari CARRERE Ipuin kontalaria Literatura politikoan (eta, beharbada, literaturan orokorrean) idatzitako liburu baten hasierarik ospetsuenetakoa hauxe litzateke: «Mamu bat dabil Europan barrena, komunismoaren mamua». Marx eta Engelsek 1848an idatzitako “Alderdi Komunistaren Manifestua”-ren lehenengo esaldia da. Jendarte berri baten aldarrikapena egiten zen, non klaseen arteko borroka historiaren motorra izan dela azaltzen den. Sobietar Iraultza, Leninen gidaritzapean, Manifestuaren gauzatze ahalegina genuen. Klaserik gabeko mundu baten teorizazio honetan, kulturgintzak leku nabarmena hartu zuen; kulturaren bidez mundu ikuskera bat transmititzen zen, jendartean zeuden desberdintasun sozialak finkatuz. Hala, kulturgintza burgesiaren atzaparretatik kendu eta herri xehearen eskuetan utzi behar zen. Erwind Piscator eta Bertold Brecht antzerkigile alemanek euren antzerkigintza dialektika horren baitan ezarri zuten, jendarte berri baten bilaketan. Baina zer zerikusi du honek ipuinak kontatzearekin? Kontalaria jendartearen begiralea da. Kontalaritzaren bidez gogoeta egingo du, bere ikuskera eskainiko dio publikoari, bere gogoetak eta kezkak arteaz azalduz. Jendartean bere lekua zein den, dialektika horren arabera bere sormen proposamena landuko du. Zer kontatu baino, garrantzitsuena da zertarako kontatu. Bizi dugun jendartea kontakizunetan islatuko da, eta horrekin gure ikuspegia. Mamu bat dabil Europan barrena, eta istorio bat dakarkigu.