GARA Euskal Herriko egunkaria

Naturaren orlegia


Aurtengo berdearen emana eta iraupena mirestekoa bezain harritzekoa da benetan. Errekondoetan bezainbat, mendi hegaletan eta goreneko kaxkoetan ere, margo hain berde eta freskoen aberastasun zabala gozatzekoa da, gustu benetan hanpatuaz gozatu ere. Egia da, zuhaitz beteenen artean, badela tartean xoiltzen doan hostajerik ere.

Minutuak agudo gozo batean pasatzen dira aurtengo udazken bizi eta detailedun berexi honetan: hala goiz alba tindatzen doanean, nola arrats beheran margoak xotiltzen doazenean, gure zentzuak asetzen zaizkigu. Egia da Arantzazuko basilika ederraren barne bakezko eta deskantsudun berezi horretan, begien gozamena bezainbat, arnasaren pausoa lasaitzen eta sakontzen zaizula.

Baina kanpoaldean kokatuta, ez da egia xotilagoa, eta bide batez sendoagotzen doakizuna, gure inguruko parajeon ederraz, pendizen margoanitzaz nola harkaitz bizkarren edertasunaz, biriketako bake pausatuena sentitzen duzula, bertatik otoitz-pausaje sakon bezain arinean gozaturik aurkitzen zarelako. Zientoka detaileen artean, uztazu bat edo beste seinalatzen. Bitxia egiten da, benetan, zuhaitz bakoitzari nola doakion janzkera gerrialdetik behera zarpailtzen ikustea: hostajea berdetik gero eta xumeago, egunez egun, tonu marroixkak entseatzen, detaile kurioxoenak tindatzen dituztela goiz argiarekin bezainbat, arrats beherako argi mehearekin. Hori, gerrialdetik behera, azpialdean.

Baina, eta hau beste urte batzuetan ere nabarmendu izandu da, goiko adartxo puntetan, metro pare bateko hosto gaxte berri berde argikoak, denak ere eguzkia seinalatzen, hantxe goian zerurantz luxatuta…

Udaberriak halako tamainatako margo eta kolore detaileak izaten baditu, ez da atzenduta gelditzen udazkeneko eskaparatea: haize bolada zakarren kastigurik ez badabil, bixta lasaituaren gozamena, deskantsu betekoa eta atsegina suertatzen da, edozein ordu tartetan, bai goiz eta bai arratsalde.

Eta hori dena, zertarako? Atseden eta patxadan, ondo datorkizunean, aire lasaiaren besoen pulunpatxoan, deskantsu atseginena gozagarri dakizun.