04 ENE. 2019 HERRI KIROLAK Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa igande honetan hasiko da Deban Andres OSA «SAKONA» Banakako Txapelketa amaitu bezain laster, Binakakoak txanda hartuko dio igande honetan bertan, Deban. Egur Sport ez da gelditzen, eta igandean hasiko dena 20. edizioa izango da. Hiru txapelketa jokatuko dira negu parte honetan: aizkolarien Eusko Label Saria, harri-jasotzaileen Viña Laguardia Saria eta emakumeen Urrezko Banakako Aizkora. Aldats pilotalekuan, 12.00etan, jokatuko da txapelketa osatuko duten zazpi jardunaldietan lehena; azkena, Azkoitian martxoaren 3an. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño (Urola bailarako bikotea) Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondoren aurka arituko dira lehenik. Bete beharreko lana: erlojuaren aurka bi enbor 45 ontzakoak, aizkolari bakoitzak bat; zutik kana-erdikoa txanda librean; etzanda bi enbor 60 ontzakoak, bakoitzak bat; azken lana, txanda librean lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta 65 ontzako beste bi. Emakumeen aizkolari txapelketan, Maika Aristegi Iturengoa Irati Astondoa Zeanurikoaren aurka neurtuko da. Lana metro bateko enborrari hiru ebaki egitea. Eta harri-jasotzaileek bi harri erabiliko dituzte, 175 kiloko errektangularra eta 150 kiloko kubikoa; bakoitzarekin bi minutu. Deban Gorka Etxebarria oriotarra jardungo da.