14 ENE. 2019 SASKIBALOIA - DELTECO GIPUZKOA BASKET Nola gal daiteke irabazita dagoena? Sekulicen aurka adierazitako falta zalantzatsu baten erruz, Gipuzkoa Basketekluzapena jokatu behar izan zuen eta galdu egin zuen Manresaren aurka. Arnaitz GORRITI DELTECO GBC 85 BAXI MANRESA 91 Aurreneko itzulia amaitzeko partida bakarra falta dela, Delteco Gipuzkoa Basket ACB Ligako azkena da. Hamasei partida jokatu ostean hiru garaipen pilatu ditu eta eskura zeuzkan beste hiru partida galdu, zein baino zen modu ulertezinagoan. Azkena, atzo eguerdian, Illunben, Baxi Manresaren aurka. Historia errepikatu egiten omen da: aurrenik drama itxuran eta fartsa modura gero. Atzoko partida nola amaitu zen ikusita, barre egin beharko dute zale donostiarrek, negar ez egitearren. Hiru segundo baino gutxiago falta zirela eta markagailua 73-72 zela, Blagota Sekulicek bi jaurtiketa libre zituen partida erabakitzeko. Montenegroko pibotak, ordea, bakarra saskiratu zuen. Manresak azken baloi jabetza zuen eta hutsartea eskatu ostean, baloia saskitik zortzi metrora atera zuen. Gabriel Lundberg antolatzaileak hartu zuen baloia eta Sekulicek berak apur bat ikutu zuen Manresako antolatzailea; falta epaileen iritziz. Sarritan balekotzat ematen diren kontaktuekin alderatuz gero, barregarria, egia esan. «Oraintxe ikusi berri dut jokaldia. Zer esan dezaket? Epaileek aurretiazko jarrera ekarriko zuten kontakturik ñimiñoena ere faltatzat adierazteko. Zorrotza den edo ez... ez dakit ba», onartu zuen, burumakur, Sergio Valdeolmillosek partida amaitu eta gero. Bada, Lundbergek bi jaurtiketa libreak sartu zituen eta partida luzapenera joan zen 74na amaitu zen-eta. Luzapeneko aurreneko hiru minutuetan donostiarrek buruari bueltak eta bueltak eman zizkioten, galdutako abaguneari buruz pentsatzen, artean egundoko lana egin eta garaipena merezi izan baitzuten. Bitartean, ordea, Manresak gain hartu zion Delteco GBCri eta 77-86 hanka egin zuen. Azken segundoetan dena eta gehiago eman zuten gipuzkoarrek, baina berandu zen. Eta zaleak? Bestela ere 1.722 baino ez ziren hurbildu Illunbera eta Sergio Valdeolmillosen dimisioa eskatzen nahikoa zarata atera zuten luzapen sasoian. Arrazoi izan dezakete neurri batean, baina desesperazioaren berbak gehiago ziruditen, taldeak kantxa barruan erakutsitako jokoari emandako erantzuna baino. Izan ere, nola galdu zuten donostiarrek irabazita zutena? Hasiera txarra, jarraipen aparta Ulergarriago zatekeen Valdeolmillosen dimisioa eskatzea hasierako minutuetan, Manresa 2-12 aurreratu zelako, Ryan Toolsonen hirukoei esker. Edo laurdenaren amaieran, emaitza 10-22koa zenean. Baina bai zera! Donostiarrek beren taldearen egundoko erreakzioa ikusi zuten: 15-26 galtzetik 34-26 irabazten jartzera pasa ziren. «Gure mugetaraino eraman dugu jokoa une batzuetan. Buru azkartasunez defenditu dugu eta aurkariaren ahulguneak bilatu ditugu», esan zuen Valdeolmillosek. Nevels, Sekulic eta Burjanadzek zezenari adarretatik heldu zioten eta benetan bazirudien donostiarrek irabazi egingo zutela, are gehiago Lalanne bost faltaz egotzi ostean. Baina, inork ere ez daki nola, partidak ihes egin zion GBCri. JAURTIKETA LIBREAK Ironikoa edo are garratzagoa izan zen atzoko partidaren amaiera. Manresak oso gaizki ekin zion jaurtiketa libreen marratik: 31tik 21. Alabaina, Gabriel Lundberg, katalanen heroiak, 11tik zortzi sartu zituen, eta ez zion pultsuak hutsik egin partida luzapenera bidaltzeko orduan.