GARA Euskal Herriko egunkaria
Atletismoa

Lau euskal taldek parte hartuko dute Kopan, larunbatean, belodromoan


Pista estaliko gizonezko nahiz emakumezkoen kopak larunbat honetan jokatuko dira Donostian, Anoetako Antonio Elorza belodromoan. Lehia 16.00etan hasiko da eta parte-hartzaileen artean hainbat talde euskaldun egongo dira. Gizonezkoetan bakarra izango da, Reala, Bartzelona, Playas de Castellon, Mislata, Tenerife, Zaragoza, Numantino eta Madrilgo Marathon taldeekin lehiatuko dena. Emakumezkoetan, berriz, Super Amara BAT, Atletico San Sebastian eta Iruñeko Grupoempleo izango dira euskal ordezkariak, beste bost talderekin lehian: Valentzia, Playas, Bartzelona, Katalunia eta Marathon.

Gogoratu behar da belodromoak material sintetiko berri bat duela, urdina eta oso azkar korrika egiteko modua emango duena, eta larunbatekoa pista berriaren estreinaldi ofiziala izango da. Guztira, txapelketa bakoitzean 13 proba puntuagarri daude, eta proba bakoitzean taldeek atleta bana aurkeztuko dute. Puntuak batzen dira (irabazleak zortzi, azkenak bat), eta sailkapena ezartzen da.

Kopako lehiaketa hauek 1982tik jokatzen dira, eta Gipuzkoako hiriburuak 1985ean hartu zuen lehen aldiz. Guztira, gaur arte, Donostia hamabi aldiz izan da proba hauen egoitza, azkena 2015ean.