13 MAY. 2019 Maita Jon GARMENDIA Idazlea Simone de Beauvoir hilezkorrak «J’accept la grande aventure d’être moi» idatzi zuen bere gaztaroko kaieretan. Onartzen zuela bera izatearen abentura handia; alegia, osotasunaren xerka beti, askatasun betean eta nortasunari atxikiz fermuki, besteen oniritzirik itxaron gabe, izan eta bizi. Sarritan ekarri nahi izan diozu zure alderdi ilunari argi horren izpia, sakonean erdi galdua dirudizunean, amore ematea azken aukera gisa ere ez ikusteko. Beti izango baita hobe barneko errepideetan ibiltzea kanpoko labirintoetan galtzea baino, eta halakoetan zure niaren bila abiatuko nintzateke ni ere, besterik ez bada oinutsik, zuri eskutik heldu eta aurrerantz beha irribarretsu. Memoria agortzen ari zaizula, kontziente izatea kosta egiten zaizula, bizitza tximista den sentsazioarekin bizi zarelako apika, eta urte horiek ditudala ene alde, gure artean dauden hogeita hamarrak, zuk berreskuratuko ez dituzunak. Ez da epoka samurra izan zuretzat, eta luze jo du, hamarkadaz hamarkada borrokan beti, tirania ez baitzuen gerrak eta gerraondoak bakarrik ekarri, emakumearentzat menderik ez da sortu oraino, eta tira, nire belaunaldiak hurbildu dizula sentsazio hori aitortu didazu, aurrerakoitasuna mihian eta atzera egin ez ote dugun zalantza duzulako. Zer espero daitekeen bizitzaz bidea zurekin egin duten guztiak desagertzen ikusten dituzunean, joaten hurrena zu zarela dakizunean. Balio izan duen ala ez abenturak, hori dela ondorioztatu behar dena, baina nondik heldu abentura horri? Maitatzekorik duzuno eutsiko diozula onartu didazu azkenean. Maita beraz, maita.